Kontzertu bana eskainiko dute Nerabek eta Oso Fanek igandean Sanagustinen

Uztarria.eus 2018ko mai. 25a, 11:01

Katapulta Tour egitasmoaren harira, Nerabe eta Oso Fan musika taldeek kontzertua eskainiko dute igandean, hilak 27, Sanagustin kulturgunean. Artista berriei bultzada emateko egitasmoa da Katapulta Tour; formatu txikiko musika eta antzerki emanaldien bira, hain zuzen. Sanagustin kulturgunea 2016an batu zen proiektura, eta orduz geroztik talde andana igaro dira Azpeitiko kulturgunetik. Geldialdia egingo duten hurrengoak dira Nerabe eta Oso Fan. Igandeko zuzenekoak 19:00etan hasiko dira, eta sarrera doan izango da. 

Nerabek labetik atera berri duen Toki-on diskoa aurkeztuko du igandean Sanagustinen. Borja Iriartek, Ruben Ramosek, Xabier Arratibelek, Iñigo Ozaetak eta Sara Zozayak osatzen dute Nerabe. Kontzertuak 80. hamarkadako indie-rock ukitua duten doinuekin, erritmo dantzagarriarekin eta ahots bereizgarri batekin janzten dituzte.

Oso Fan taldea, berriz, Giorgio Bassmattik, Andoni Etxebestek eta Quico Pugesek osatzen dute, eta  21’44” izeneko diskoa aurkeztuko dute igandean. Haien kontzertuak "ez ohikoak, gertukoak eta umorez betetakoak" direla zehaztu izan dute musika kritikariek.