Energia aurrezteko tailerra eskainiko du aldundiak, ostiralean

Uztarria.eus 2018ko mai. 23a, 15:06
Gipuzkoa Argitu egitasmoaren aurkezpena

Saioa denda eta enpresa txikiei zuzenduta egongo da eta Enparan Dorretxeko KZgunean emango dute, 15:30ean.

Foru Aldundiak, Gipuzkoa Argituz egitasmoaren barruan, eraginkortasun energetikoa bultzatzeko eta herritarren zaurgarritasun energetikoa aurreikusteko tailerrak egiten ari da maiatz osoan zehar. Guztira, 40 tailer inguru eskainiko ditu aldundiak Gipuzkoako hainbat herritan, eta horietako bat Azpeitian izango da ostiral honetan, Enparan Dorretxeko KZgunean, 15:30ean.

Eneko Etxeberria alkateak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eman dute tailerraren berri. Saioa denda eta enpresa txikiei zuzenduta egongo da, eta helburua argindar kontsumoa murriztea izango da, modu erraz batean. Hala, eraginkortasun energetikoa bultzatu nahi dute eta pobrezia energetikoa saihestu. Gainera, tailer horietan argitu.eus webgunean argitaratu diren hiru tutorialak praktikan jarriko dituzte.

Tutorial horietan kontsumo datuak ezagutzeko jarraitu beharreko pausoak zehazten dira: zenbat kontsumitu dugun eta noiz egin diren kontsumorik handienak. Udalaren arabera, "hori guztia ezinbestekoa da kontsumoa murrizteko, aplikatzen dituzten tarifak egokitzeko eta kontratatutako potentzia egokia den egiaztatzeko".