Ilunpeko pilotariek Frontoi Txikian jokatuko dituzte final zortzirenetako itzulerako partidak ostiralean

Uztarria.eus 2018ko mai. 23a, 17:58
Iazko Herriarteko Txapelketako irudi bat.

Ilunpeko pilotariak 3-0 emaitzarekin kantxaratuko dira, Tolosaren aurkako itzulerakoan. 22:00etan hasiko dira partidak. Herriartekoko partidak Frontoi Txikian edo Izarraitz pilotalekuan jokatu zalantzak izan dituzte Ilunpekoek, baina "momentuz", Frontoi Txikian jokatzea erabaki dute. Azpeitiko palistek, berriz, Andoaingo Arrate pilotalekuan jokatuko dituzte final laurdenetako joaneko partidak ostiralean.

Ilunpe elkarteko kideek ostiralean jokatuko dituzte Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final zortzirenetako itzulerako partidak. Tolosaren aurka neurtuko dituzte indarrak Frontoi Txikian, eta joan den asteko 3-0 emaitzaren abantailarekin kantxaratuko dira azpeitiarrak. Partidak 22:00etan hasiko dira.

Zalantzak izan badituzte ere, Frontoi Txikian jokatuko dituzte kanporaketaren itzulerako partidak Ilunpekoek. Joan zen igandean inauguratu zuten Izarraitz pilotaleku berritua, eta frontoia eskuzko neurrietara egokitu dutenez, Herriarteko Txapelketako partidak hara lekualdatzea izan da elkartekoei zalantza eragin diena. Dena den, Ilunpekoek azaldu dutenez, gaur-gaurkoz, pilotariak "ohitu gabe" daude Izarraitzeko kantxara, eta denbora beharko dute "egokitzeko eta han eroso sentitzeko". Hori dela eta, aurten, "momentuz", Frontoi Txikian jokatuko dituzte Herriartekoaren barruko partidak, eta datorren urtean, "ikusi egin behar", azaldu dute Ilunpeko kideek.

Azpeitian joan zen astean hasi zuen eskuzko Herriarteko Pilota Txapelketako lehia. Ilunpeko pilotariek Tolosaren aurka neurtu zituzten indarrak Beotibar pilotalekuan. Kadete mailako partida 10 eta 22 irabazi zuten Unai Alberdik eta Jakes Elosegik; jubenil mailakoa 4 eta 22, Gorka Iriartek eta Julen Egigurenek; eta senior mailako Jon Alberdik eta Daniel Murgiondok 9-22 hartu zituzten mendean tolosarrak. Azken ordukorik ezean, pilotari horiek jokatuko dituzte ostiraleko partidak.

Iaz seigarren aldiz irabazi zuen Azpeitiak Gipuzkoako Eskuzko Herriarteko Txapelketa, Oiartzuni hirutik hiru partida irabazita. 2004an, 2008an2010ean2015ean2016an eta 2017an jantzi du Azpeitiak Herriartekoaren txapela. Horrez gain, 2008an eta 2015ean eta 2017an Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa ere irabazi zuten Azpeitiko pilotariek.

Palistak ere, aurrera

Azpeitiko palistek ere aurrera jarraitzen dute Gipuzkoako Herriarteko I. Gomazko Paleta Txapelketan. Ostiralean jokatuko dituzte final laurdenetako joaneko partidak Andoaingo Arrate pilotalekuan, 19:30ean hasita.

Elgoibarren jokatutako final zortzirenetako itzulerako partidan lortun zuten txapelketan aurrera egiteko txartela. Joanekoan markagailuan atzetik amaitu bazuten ere (2-1), Azpeitiko ordezkariak nagusi izan ziren ostiralean; hirutik bi partida irabazi zituzten (20-7; 15-20; 5-20) Urtzi Lopetegik, Jabier Odriozolak, Asier Egigurenek, Haritz Aranbarrik, Oier Alkortak eta Eneko Martijak.