75 eta 80 urte arteko 308 azpeitiarren egoera aztertu du Udalak

Uztarria.eus 2018ko mai. 22a, 21:07
Azterketaren egileak, udal ordezkariak eta Baigerako kideak, gaurko aurkezpenean.

Herriko adinekoen errealitatea ezagutzeko bigarren azterketan parte hartu dutenen laurdenak zailtasun ekonomikoak ditu. Bakardadearen faktorea ere aztertu dute.

Joan den urtean 80 urtetik gorakoen egoeraren gaineko azterketaren datuak plazaratu ondoren, gaur herriko adinekoen bizi-baldintzen eta errealitatearen berri zuzena izateko Baigera jubilatuen elkartearekin batera martxan duen proiektuaren barruko bigarren azterketaren emaitzak aurkeztu ditu Azpeitiko Udalak. Herrian erroldatutako 75 eta 80 urte arteko pertsonekin egin dute azterketa hori.

Azterketak, aurrekoak bezala, bi helburu nagusi dituela azaldu du aurkezpenean Estitxu Elduaien Udaleko Gizarte Zerbitzuen batzordeburuak. Batetik, "adinekoen egoera ezagutzea"; eta bestetik, "Udalak dituen baliabideak eta eskaintzen dituen zerbitzuak haiei helaraztea". Izan ere, Gizarte Zerbitzuetara inoiz jo ez duten herritarrekin "harremanak estutzea" da Baigeraren eta Udalaren proiektuaren ardatzetako bat, haien beharrak atzemateko eta, behar den kasuetan, laguntza eskaintzeko edota neurriak hartzeko.

486tik 308

75 eta 80 urte arteko 651 herritar zeuden erroldatuta Azpeitian, 2017ko datuen arabera. Horietatik 165 ez dituzte kontuan hartu azterketarako, "2000. urtetik aurrera Gizarte Zerbitzuekin zuzeneko harremana" izan dutelako. Ondorioz, 486 adinekorekin hasi ziren lanean azterketa egin duten Uxue Zaldua eta Leire Etxezarreta, eta horietatik 308 dira elkarrizketatu dituztenak.

"Elkarrizketatu ez ditugun 178 adinekoen %47,2k ez du azterketan parte hartu nahi izan; %26,4rekin ez dugu harremanetan jartzea lortu; %8,4 Azpeititik kanpo bizi da, nahiz eta hemen erroldatuta egon; %7,3 erlijio-etxeetan bizi da; %5 gizarte zerbitzuetako erabiltzaile bihurtu da ikerketa egiten ari ginen bitartean; eta ehuneko txikiagoetan, berriz, heriotza tasa edo gaixotasunak ditugu", aletu ditu Zalduak ikerketan parte hartu ez duten 75 eta 80 urte arteko herritarren kasuak eta arrazoiak.

Elkarrizketa gehienak, %80, elkarrizketatuen etxeetan egin dituzte. Zalduak azaldu bezala, hori zen azterketaren helburuetako bat, "etxebizitzen egoera, baldintzak eta beharrak" bertatik bertara ezagutzeko. Gainerako elkarrizketa gehienak udaletxean egin dituzte, "adinekoak hala nahiago izan duelako betiere". Euskaraz egin dituzte elkarrizketen %84. Adinari eta generoari dagokienez, "oreka bat mantendu" dutela esan du ikerketaren egileetakoak: "Batez beste, erdia emakumeak eta erdia gizonak izan dira elkarrizketatutakoak, eta adin tarteak ere era orekatuan banatu dira".

Bakardadea, aldagai berria

80 urtetik gorakoekin egin zuten moduan, Udaleko Gizarte Zerbitzuez duten ezagutzaz, egoera ekonomikoaz, etxebizitzaren ezaugarriez, osasun egoeraz eta harreman sozialez hitz egin dute elkarrizketatutakoekin. Bigarren azterketa honetan bada, ordea, aurrekoan aztertu ez zuten aldagai bat: bakardadearena. Horrekin batera, udalak adinekoentzat dituen baliabideen berri eman diete aztertzaileek elkarrizketatuei.

Elkarrizketatutako 308 herritarretatik gehienek ez dute inoiz harremanik izan Gizarte Zerbitzuekin; %15ek bakarrik adierazi du babes sistemaren gaineko nahikoa informazio baduela. Azterketa egin dutenentzat, "datu horrek baieztatzen du proiektuaren baliogarritasuna, adinekoen ezezagutzari aurre egiteko erreminta dela".

Egoera ekonomikoaz galdetuta, "lautik hiruk esan digute erraz iristen direla hil bukaerara", azaldu du Etxezarretak. Horrenbestez, elkarrizketatutakoen laurdenak "zailtasunak" dituztela aipatu dute. "%19k zailtasun bat edo beste topatzen duela aitortu du, %5ek nahikoa larri dabilela, eta %2k ez dela iristen". Zailtasun ekonomikoen artean, aisialdirako edo etxeko konponketei aurre egiteko dirurik ez izatea dira aztertzaileek aurkitu dituzten "arazo ohikoenak". Zaurgarritasun egoera pairatzen dutenak emakumeak direla ere ondorioztatu dute, "alarguntasun pentsioaren ondorioz".

Adinekoen etxebizitzen "egoera orokorra aproposa" dela ikusi dute, baina %58tik gora dira etxean oztopo arkitektonikoren bat dutenak; igogailu eza da arazo ohikoenetakoa, batik bat Alde Zaharrean. Osasun egoera ere "ona" da elkarrizketatutakoen %64ren kasuan; %9k esan dute osasun "eskasa" dutela, eta gainerakoek, "halamoduzkoa".

"Familia harreman oso estuak" topatu dituzte ikertzaileek; familiak dira, hain zuzen ere, adineko gehienen babes eta harreman sare nagusia. Baina bakarrik sentitzen direnak ere badira. %20k adierazi dute "bakardadea eta tristura" sentitzen dituztela, "alarguntasuna eta galera fisikoak medio", kasu gehienetan. Elkarrizketatutakoen artean 48 dira bakarrik bizi diren pertsonak.

Aurrera begira

Ikerketagileak, udal ordezkariak zein Baigerakoak azterketarekin gustura azaldu dira. Datuak eskuetan, "zer behar dauden eta horiei nola aurre egin" jakitearen garrantzia azpimarratu du, esaterako, Elduaienek. Baigerako Patxi Altzibarrek, bere aldetik, elkartean zituzten "susmoak baieztatu" egin direla adierazi du, "egoera zailean dauden alargunei dagokienez", bereziki. 65 urtetik gorakoen egoera lantzen jarraitzeko asmoa azaldu dute.

Azterketa osoa, Udalaren webgunean

Gaur aurkeztu duten azterketaren txosten osoa irakurri nahi duenak, eskura du dagoeneko Azpeitia.eus Udalaren webgunean.