Mendi Tour film emanaldia izango da gaur Soreasu antzokian

Uztarria.eus 2018ko mai. 22a, 10:44
Iazko Xoxoteko eguneko irudia. (Hitza)

Bilbao Mendi Film Festibaleko lanak izango dira ikusgai gaur, 21:00etatik aurrera, Soreasun. Ostegunean, berriz, Kilian Jorneti buruzko ikus-entzunezkoa ikusi ahal izango da. Igandean bukatuko da udaberriko Mendi Astea, Xoxoteko egunarekin.

Igandean Txalintxoko egunarekin hasi zen Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako Mendi Astea. Aurten, ohiko Txalintxoko eta Xoxoteko egunez gain, ikus-entzunezkoen bi emanaldi antolatu ditu mendi bazkunak, Sokaitz eskalada taldearekin, Kulturaz kooperatibarekin eta udalarekin elkarlanean.

Gaur jarraituko du Mendi Asteko egitarauak Bilbao Mendi Film Festibaleko lanik onenek osatutako Mendi Tour emanaldiarekin. Safety Third (eskaladako film onena), Mama (epaimahaiaren saria jaso zuena), The frozen road (zuzendari onenaren saria) eta Where the wild things play filmak izango dira ikusgai 21:00etatik aurrera, Soreasun. Ostegunean, berriz, Kilian Jornet. Path to Everest dokumentala emango dute, 21:00etan.

Gaurko eta osteguneko emanaldietarako sarrera bakoitza bost euroren trukean eros daiteke, baina bietarako bonoa ere eskuragarri dago zortzi euroren trukean. Sanagustin kulturgunean erosi ahal izango dira aurrez, eta Soreasuko leihatilan egunean bertan.    

Xoxoteko eguna

Urtero legez, Xoxoteko egunarekin bukatuko da udaberriko Mendi Astea. Igandean izango da, eta hara igotzeko hitzordua 09:00etan jarri du Lagun Onakek plazan. Mendian hildako mendizaleei omenaldia egingo diete eguerdi partean, eta gaztetxoei dominak banatuko dizkiete ondoren. Arratsaldean, berriz, umeentzako jolasak izango dira, eta egun osoan erromeria. Ez da festa girorik faltako, beraz, igandean Xoxoten.