Maiatzeko azken asteburuan ospatuko dituzte trinidadeak Nuarben

Uztarria.eus 2018ko mai. 21a, 17:11
Iazko Trinidade festetako herri afariaren irudi bat. Aurten ere zapatu iluntzean egingo dute.

Ostiraletik astelehenera, hilaren 25etik 28ra, egingo dituzte festak. Lehen eguneko mus txapelketa izango da berrikuntzetako bat. Zapatu gauean, berriz, Xabi Solanok kontzertua emango du.

Aurten maiatzaren azken asteburuarekin batera iritsiko dira Nuarbeko festak. Lau egun izango dituzte trinidadeek aurten, hilaren 25etik 28ra, ostiral iluntzean hasi eta astelehen iluntzera bitartean. Hain zuzen ere, festen lehen eguneko hitzordu bakarra izango da aurtengo egitarauaren berrikuntza aipagarriena: I. Mus Txapelketa. Ostiralean 22:00etatik aurrera jokatuko dute txapelketa Nahi Genduena elkartean; izen-ematea 21:45ean itxiko dute, eta parte hartu nahi duten bikoteek 20na euro ordaindu beharko dute. Aurreneko lau tokietan sailkatzen diren bikoteek izango dute saria: 200 euro eta txapelak irabazleentzat, 100 euro eta garaikurrak txapeldunordeentzat, bi lagunentzako afaria hirugarren sailkatuentzat, eta ardo sorta laugarrenentzat.

Aurtengo hitzordu aipagarriena, berriz, zapatu gauerako iragarri dute. Arratsaldeko txupinazoa eta sokamuturra, eta iluntzeko herri afaria Xabi Solano musika ezagunaren kontzertuarekin borobilduko dute, Elizagoien ahizpen erromeriarekin luzatuko den trinidadeetako gau luzeenean.

Umeentzako hitzordurik ere ez da faltako, igandean Ekaintxo pailazoarekin, eta asteleheneko jolasekin eta txokolatadarekin, besteak beste.

Herri afarira joan nahi dutenek elkartean edota festa batzordearen Facebookeko orrialdera idatzita eman dezakete izena. Bestetik, zapatuan autobusak egongo dira Azpeititik Nuarberako joan-etorria egiteko: Azpeititik Nuarbera joateko, 16:00etan eta 23:00etan, anbulatorio aurrean; eta Nuarbetik Azpeitira joateko, 19:30ean eta 02:00etan.

Egitaraua

Hau da 2018ko Nuarbeko trinidadeen egitarau osoa:

Maiatzak 25, ostirala

  • 22:00. I. Mus Txapelketa.

Maiatzak 26, zapatua

  • 16:00. Txupinazoa.
  • 16:30. Sokamuturra.
  • 19:00. Azpeitiko Kantu-jira taldearekin poteoa.
  • 20:30. Herri afaria.
  • 23:30. Xabi Solano. Ondoren, Elizagoien Ahizpak.

Maiatzak 27, igandea

  • 12:00. Meza nagusia. Ondoren, luntxa, musika eskolako trikitilariekin.
  • 16:00. Umeentzat puzgarriak.
  • 18:00. Ekaintxo. Ondoren, Izer eta Alabierrekin erromeria.

Maiatzak 28, astelehena

  • 17:30. Ume jolasak, tailerrak eta txokolatada.
  • Iluntzean, Laja eta Narbaizarekin erromeria.