Babesa agertu diete errepresioaren aurkako manifestazioaren harira auziperatutako lau gazteei

Uztarria.eus 2018ko mai. 18a, 21:15

Errepresioari Autodefentsa dinamikak deituta, errepresioaren aurka manifestazioa egin zuten iazko martxoaren 11n Iruñean. Mobilizazio hartan istiluak izan ziren, eta ondorioz, lau gazte atzeman eta auziperatu zituen poliziak. Astelehenean, hilak 21, hasiko da gazte haien aurkako epaiketa, eta data horren atarian auziperatuei babesa agertzeko elkarretaratzea egin dute gaur hainbat gaztek anbulatorio aurrean. Azpeitiko Gaztetxeak eta Ikasle Abertzaleakek deitu dute kontzentrazioa, M11ko auziperatuak aske lelopean. Auziperatuetako hiru Errenteriakoak dira, eta bestea beasaindarra.

Gaztetxeko eta Ikasle Abertzaleakeko kideek salatu dutenez, lau auziperatuei "terrorismo delituak egotzi eta zazpi urteko espetxe zigorra nahiz isun ekonomiko handiak" eskatzen dizkiete. "Terrorismo delitua egozteko arrazoia lehen aipatutako manifestazio hartan istiluak eragitea da; multinazional handien komertzioei harriak botatzea eta poliziari aurre egitea, alegia", azaldu dute. Era berean diote, auziperatuei "biolentzia erabiltzea" egozten dietela, baina salatu dutenez, "botere burgesak egunero erabiltzen du biolentzia". 

Elkarretaratzearen deitzaileen irakurketa osorik, hemen.