Igandean hasiko da Lagun Onak Mendi Bazkunak urtero antolatu ohi duen Mendi Astea. Txalintxoko Eguna dela aprobetxatuta, hara igoko dira igande goizean, 09:00etan Azpeitiko plazatik abiatuta. 12:00etan meza egingo dute Txalintxon, eta ondoren, bertaratzen direnentzat salda egongo da. Trikitilariak arduratuko dira giroa alaitzeaz.
Astean zehar mendigoizaletasunarekin zerikusia duten ikus-entzunezkoak izango dira protagonistak. Izan ere, asteartean Mendi Tour iritsiko da Soreasu antzokira, Bilbao Mendi Film Jaialdiko lanik onenen emanaldia, hain zuzen. Orotara lau ikus-entzunezko eskainiko dituzte, 21:00etatik aurrera. Honako hauek izango dira ikusgai izango diren ikus-entzunezkoak: Safety Third (eskaladako film onena); Mama (Epaimahaiaren saria jaso zuena); The frozen road (zuzendari onenaren saria) eta Where the wild things play.
Ostegunean, aldiz, Kilian Jornet. Path to Everest dokumentala emango dute Soreasun, 21:00etan hasita. Ohi bezala, igandean itxiko dute aurtengorako prestatutako egitaraua, Xoxoteko Egunarekin.
Hemen, Mendi Asteko egitarau osoa:
Maiatzak 20, igandea:
09:00: Txalintxora irteera.
12:30: Meza.
Bertaratzen direnentzat salda egongo da.
Maiatzak 22, asteartea:
21:00; Bilbao Mendi Film proiekzioa, Soreasu antzokian.
Maiatzak 24, osteguna:
21:00: Kilian Jornet. Path to Everest dokumentala, Soreasu antzokian.
Maiatzak 29, igandea, Xoxoteko Eguna:
09:00: Xoxotera irteera, plazatik abiatuta.
12:00: Meza. Ondoren, lore eskaintza mendian hil direnen omenez eta sari banaketa.
13:00: Domina banaketa gaztetxoei.
Erromeria izango da egun osoan zehar, eta arratsaldean umeentzako jolasak.