Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute igandean Burdinbidearen Euskal Museoan

Uztarria.eus 2018ko mai. 18a, 15:10
Argazki erakusketan jarriko duten irudietako bat. (Euskotren)

Urolako trenbidearen eraikuntzaren argazki erakusketa zabalduko dute igandean, eta 11:00etatik aurrera, hiru tren historiko jarriko dituzte zirkulazioan.

Gaur, maiatzak 18, Museoen Nazioarteko Eguna da, eta, horren harira, ekitaldi bereziak antolatu ditu Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak iganderako.

Batetik, 1921-1926, Urolako Trenbidearen eraikuntza argazki erakusketa zabalduko dute. 36 argazkiren bidez, Urolako trenbidea eraiki zuteteneko etapa desberdinak ikusi ahal izango dira museoan. Horrez gain, gidatutako modelogintzako tren txikiak ere jarriko dituzte erakusgai.

11:00etatik aurrera, berriz, tren historikoak jarriko dituzte zirkulazioan. Ordu horretan, 1953an eraikitako Allan automotor diesel-elektrikoan ibiltzeko aukera izango da; 12:00etan, 1888ko Zugastieta lurrun makina jarriko dute martxan; eta 13:00etan, Portugal lurrun makinan egin ahal izango da joan-etorria.

Horrez gain,  U-52 tranbia elektrikoa, lurrunezko garabia eta tren tripulatuak ikusteko aukera izango da egunean zehar. Urolako tailer mekanikoan, gainera, hainbat erakusketa egingo dute.