Azpeitia bihar hasiko da Gipuzkoako Herriartekoaren txapela defendatzen

Uztarria.eus 2018ko mai. 18a, 14:37
Azpeitiko pilotariek herritarrekin batera ospatu zuten garaipena iaz, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. (Maialen Etxaniz)

Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatuko dute Ilunpeko pilotariek final zortzirenetako joaneko partida 19:00etan hasita. Kadete mailan, Unai Alberdik eta Jakes Elosegik ordezkatuko dute Azpeitia; jubenil mailan, Gorka Iriartek eta Julen Egigurenek; eta Senior mailan, Jon Alberdik eta Daniel Murgiondok. Azpeitiko palistek, aldiz, gaur jokatuko dute final zortzirenetako itzulerako partida Elgoibarren.

Bihar, hilak 19, hasiko dira Azpeitiko pilotariak Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako txapela defendatzen, eta etxetik kanpo egingo dute. Ilunpe Pilota Elkarteko pilotariek tolosarren aurka neurtuko dituzte indarrak Tolosako Beotibar pilotalekuan, 19:00etan hasita.

Ilunpek aurreratu duenez, kadete mailan, Unai Alberdik eta Jakes Elosegik ordezkatuko dute Azpeitia, eta ordezkoa Aimar Egiguren izango da; jubenil mailan Gorka Iriarte eta Julen Egiguren arituko dira Herriartekoaren txapela defendatzen, eta Mikel Unanue izango da ordezkoa. Senior mailan, aldiz, Jon Alberdik eta Daniel Murgiondok ordezkatuk dute Azpeitia, eta ordezkoa Josu Uzkudun izango da.

Zozketak hala erabakita, azpeitiarrak zuzenean Herriartekoaren final zortzirenetan sartuko dira lehian. Horrenbestez, biharkoa izango da Azpeitiko pilotariek aurtengo Herriartekoan jokatuko duten lehen partida. Final zortzirenetako itzulerakoa, aldiz, maiatzaren 25eko asteburuan jokatuko dute Ilunpeko pilotariek, Frontoi Txikian.

Iaz seigarren aldiz irabazi zuen Azpeitiak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Oiartzuni hirutik hiru partida irabazita. 2004an, 2008an2010ean2015ean2016an eta 2017an jantzi du Azpeitiak Herriartekoaren txapela. Horrez gain, 2008an eta 2015ean eta 2017an Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa ere irabazi zuten Azpeitiko pilotariek. 

Gomazko paletan, itzulerakoa

Gomazko paletako Gipuzkoako Herriartekoaren final zortzirenetako kanporaketaren itzulerakoa jokatuko dute gaur Azpeitiko palistek, eta Elgoibar izango dute parez pare, 21:00etan hasita. Azpeitiko ordezkariak Elgoibarrera mugituko dira gaur, eta bi partida irabazi beharko dituzte txapelketan aurrera egiteko. Izan ere, Urrestillako Txikuri Pilotalekuan final zortzirenetako joanekoan ezin izan zuten Elgoibar mendean hartu, eta 1-2 galdu zuten partida. Dena den, emaitzari buelta emateko aukerak mantentzen ditu Azpeitiak; partida bakarra irabazi arren, guztira 13 tantoren aldea atera baitzioten Elgoibarri joanekoan.