Hernioko ibilbideak eta inguruko eskaintza jaso dituzte mapa batean

Uztarria.eus 2018ko mai. 17a, 20:11
Eleizegi, Mujika, Iturain, Peon, Agirretxe, Lizarralde eta Ilarregi, mapa turistikoarekin, Zelatunen. (Ihintza Elustondo)

Urola Erdiko, Urola Kostako eta Tolosaldeko ordezkariek elkarlanean osatu dute mapa turistikoa ."Mendiaren aisialdiko ikuspegiari balioa ematea" izan da haien helburua.

Hernio mendia oso ezaguna da inguruotan, eta askok eta askok dute ohitura bertara eguna pasatzera edo kirol pixka bat egitera joateko. Dena den, sarritan gertatu ohi zaio jendeari bertako bideak nahiz mendiaren inguruetan dauden eskaintzak ez ezagutzea, eta horri irtenbide bat eman nahian, mapa turistikoa aurkeztu berri dute Urola Erdiko, Urola Kostako eta Tolosaldeko ordezkariek. "Hernio mendiaren aisialdiko ikuspegiari balioa ematea helburu duen euskarri grafikoa" kaleratu berri dute.

Gaur aurkeztu dute mapa turistikoa Hernio inguratzen duten hiru eskualdeetako ordezkariek, Zelatunen. Bertan izan dira, Xabier Eleizegi Gipuzkoako Foru Aldundiko Tursimo Zuzendaritzako teknikaria, Jexux Mujika Iraurgi Berritzeneko teknikaria, Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria, Xebero Agirretxe Errezilgo alkatea, Agustin Lizarralde Azpeitiko Udaleko Turismo zinegotzia eta Olatz Ilarregi Tolosaldea Garatzeneko Turismo teknikaria.

Hernio "gipuzkoarrentzat leku enplematikoa" da, eta Kontserbazio Bereziko Eremu izendapena ere badu mendiak. Mapa turistikoaren egileen arabera, "aisialdirako eta turismorako indar handia" du lekuak hainbat arrazoirengatik: “Euskal tradizioak bizirik mantentzen diren tokia delako –iraileko erromeriak, mendizaletasuna, artzaintza, erlijio usadioak…–, balio naturalak eta paisajistikoak dituelako, kokapen estrategikoa duelako –Gipuzkoa erdian dago–…".

Bi premisa izan dituzte kontuan euskarria sortzerakoan: batetik, Gipuzkoako turismoa Donostiatik lurraldera zabaltzeko ahalegina egin dute, eta, bestetik, turisten nahiak betetzen saiatu dira, muga administratiboen gainetik.

Maparen ezaugarriak

Lurraldea airetik ikusiko balute bezala marraztu dute mapa turistikoa: mendebaldean Azpeitia dago, ekialdean Villabona, hegoaldean Bidania-Goiatz, eta iparraldean kostaldea. Erdi-erdian, berriz, Hernioko tontorra dago. Mapan, Hernio zeharkatzen duten ibilbide luzeak eta Zelatunera gerturatzen diren ibilbide motzak markatu dituzte. Eguna osatzeko baliabide gisa, museoak ere seinalatu dituzte.

Bestalde, maparen atzeko aldean, Hernio tontorrera dauden igoera nagusiak zehaztasunez deskribatu dituzte. Mendizaleak ez direnentzat, berriz, errepidez egin daitezkeen bideak markatu dituzte. Horrez gain, Hernio inguruan egiten diren kirol proba nagusiak ere aipatu dituzte. Alkizako Fagus Hernio-Gazume interpretazio zentroari garrantzia berezia eman diote, eta, horrekin batera, inguruan lo egiteko dauden tokiak ere zehaztu dituzte.

Mapa turistikoaren bi bertsio egin dituzte: euskarazko eta gaztelaniazko bertsioaren 7.000 ale kaleratu dituzte, eta ingelesa eta frantsesa ardatz dituen bertsioaren beste 3.000 ale. Interesa dutenek, hiru eskualdeetako turismo bulegoetan eskuratu ahalko dute mapa laster.