Ekainarekin iritsiko dira mutilen eta nesken Azpeitia Cup txapelketak

Uztarria.eus 2018ko mai. 17a, 14:41
Azpeitia Cupen aurkezpenean izan diren ordezkariak. (Julene Frantzesena)

Kimu mutilen txapelketa ekainaren 8an, 9an eta 10ean jokatuko dute, eta hilaren 16an eta 18an infantil neskena. Mutilen txapelketan nazioarteko taldeek ere parte hartuko dute aurten lehen aldiz; Alemaniako Tus Makkabi Frankfurt eta Japoniako Yokohama F. Marinos taldeak Azpeitian izango dira. Bi txapelketetan inoiz baino talde gehiagok parte hartuko dute.

Ekainarekin iritsiko dira aurtengo Azpeitia Cup txapelketak. Hain zuzen ere, hilaren 8an, 9an eta 10ean jokatuko dute kimu mutilen txapelketa, eta hilaren 16an eta 18an infantil neskena. Mutilen txapelketan nazioarteko taldeek ere parte hartuko dute aurten lehen aldiz; izan ere, Alemaniako Tus Makkabi Frankfurt eta Japoniako Yokohama F. Marinos taldeak Azpeitian izango dira. Aurten, gainera, inoiz baino talde gehiago ariko dira lehian: 40 –iaz 35 taldek parte hartu zuten–.

Bi talde horiez gain, ohiko moduan, Espainiako Lehen Mailan jokatzen duten futbol talde gehienen harrobietako taldeak ere parte hartuko dute Azpeitia Cupen, hala nola Bartzelonak, Atletico Madrilek, Valentziak, Real Madrilek, Vila-realek, Eibarrek, Getafek, Gironak, Celtak, Athleticek, Alavesek, Deportivok eta Malagak. Azpeitiko Lagun Onak eta Azkoitiko Anaitasuna futbol taldeak ere izango dira, baita 2017ko abenduan jokatutako sailkapen fasean ekainerako txartela lortu zuten lau taldeak ere: Antiguoko, Bansander, Comillas eta Lasartearrak.

Mutilen txapelketa hilaren 8an eta 9an jokatuko dute, eta igandean azken fasean ariko dira egun horietan sailkatzen diren hamasei taldeak. Finala ere igandean jokatuko dute.

Ekainaren 16an eta 17an, berriz, neskek hartuko dituzte Garmendipeko futbol instalazioak. Inoiz baino talde gehiago ariko dira nor baino nor lehian; 36 talde, guztira. Horietako gehienak Euskal Herriko taldeak izango dira, baina Espainiatik ere etorriko dira, besteak beste, Asturiasetik, Madrildik eta Errioxatik. Kataluniako hainbat taldek ere parte hartuko dute txapelketan.

Xehetasun horiek guztiak gaur, osteguna, Sanagustin kulturgunean egin duten aurkezpenean eman dituzte Azpeitia Cupen antolatzaileek. Mikel Rodriguez Azpeitia Cupeko lehendakariarekin batera han izan dira Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburua, Iñaki San Jose Gipuzkoako Futbol Federazioko kidea, Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaria, Ager Lasurtegi Diario Vasco egunkariko ordezkaria, Maite Lazkano Azpeitiko Halcon bidaiakeko zuzendaria eta Maje Larrañaga Azpeitiko Iraurgi Ikastetxeko zuzendaria.

Horiek guztiek txapelketaren garrantzia azpimarratu dute, modu batean edo bestean. Rodriguezek azpeitiarrek kanpotik etortzen diren taldeetako kideei egiten dieten harrera azpimarratu du, "pozgarria" delako. Gainera, txapelketa laguntzen dutenei, lanean aritzen direnei eta boluntarioei eskerrak eman dizkie egiten duten lanagatik. Azpeitiko alkateak txapelketak herriari ematen dion guztia ekarri du gogora: "Kanpotik datozenei herria erakusten zaie, horiek herrian kontsumitzen dute, txapelketak jendea erakartzen du, kirol balio positiboak transmititzen eta zabaltzen dira...". Gainera, txapelketa nazioartera zabaldu izana ere goraipatu du Etxeberriak, Japoniako talde bat Azpeitian izatea "esanguratsua" dela uste duelako.

Aldundiko Kirol zuzendariak "zorionak" eman dizkie Azpeitia Cupen antolatzaileei, txapelketa antolatzeko duten gaitasunagatik eta txapelketak izan duen garapenagatik. "Gipuzkoa atzerrira zabaltzea erronka da, eta Azpeitia Cupek ahalbidetzen du hori hein batean". Hark, gainera, "berditasunaren alde" egiten duten lana azpimarratu du, "neska-mutilek baldintza beretan jokatzea bermatzen duen txapelketa eredugarria" delako Azpeitia Cup. Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak ere ildo beretik hitz egin du: "Erreferentzialtasuna lortzeko oso garrantzitsua da horrelako txapelketak antolatzea. Ez da kasualitatea urtez urte talde gehiagok parte hartzea emakumeen txapelketan; Azpeitia Cupek egindako lanagatik da hori, eta neskek horrelako lehietan aritzeko aukera asko ez dutelako ere bai".

Iraurgi Ikastetxeko zuzendariak azaldu duenez, Azpeitia Cup lagunarteko txapelketa da, eta balore desberdinak sustatzea du helburu. Hark esan duenez, "lan bikainaren" emaitza da txapelketa, "errespetua eta esfortzua oinarri hartuta taldean egindako lanaren" fruitua. Agirrek azpimarratu du emaitza ez dela garrantzitsuena, baizik eta prozesua, eta hori horrela izanik, txapelketa "eredugarria" delakoan dago.

Webgune berritua

Azpeitia Cupek webgunea berritu duela ere jakinarazi dute elkarteko ordezkariek. Urteotan hainbat aldaketa egin dute webgunean, baina orain Interneteko atari "ikusgarriagoa, erakargarriagoa eta erabilterrezagoa" sortu dute. Azpeitia Cupeko lehendakari Rodriguezek esan duenez, munduko hainbat herrialdetako pertsonek bisitatu dute webgunea urte guztiotan, hala nola AEBetako, Kolonbiako, Alemaniako, Italiako, Guatemalako eta Peruko bizilagunak sartu dira beraien webgunera, eta horren garrantzia azpimarratu du.