Berrerabilitako materialarekin eskulan ikastaroa egin dute Ekoetxean 50 famili inguruk

Uztarria.eus 2018ko mai. 14a, 10:00

Material birziklatuak berrerabilita, eskulan tailerra egin zuten atzo LH1etik LH4ra arteko 59 umek eta haien familiek, Azpeitiko Ekoetxean. Kanpoan euria erruz bota bazuen ere, goiz pasa ederra egin zuten gaztetxoek gurasoekin Ekoetxean. 10:30ean hasi eta 13:00etara luzatu zen tailerra, eta papera eta kartoia berrerabilita loreontziak egin zituzten loreekin.

Familiei eskainitako hurrengo tailerra ekainaren 10ean izango da. Hazien inguruko ikastaroa izango da, LH1etik LH6ra bitarteko umeei zuzenduta. 11:00etatik 12:30era izango da saioa, doan. Tailerra, batez ere, praktikoa izango da. Tailerrean parte hartzen dutenek, besteak beste, hainbat formako eta testurako haziak ezagutuko dituzte, hazitara igotako hainbat landare ikusiko dituzte, eta haziak aletzeko eta ereiteko aukera izango dute.

Hona hemen atzoko eskulan tailerreko hainbat irudi: (Argazkiak: Ekoetxea Azpeitia)