Inaziotar Bideko jakiz eta edariz bete dute Azoka Plaza

Uztarria.eus 2018ko mai. 12a, 15:25

Hasi dira Azpeititik Manresara (Katalunia) bitarteko Inaziotar Bidearen zabalkundean eragiteko asmoz antolatutako jardunaldi enogastronomikoak. Azoka Plaza hartu du egitasmoak, eta gaurko eta biharko hainbat ekitaldi antolatu dute. Inaziotar Bidea igarotzen den lurraldeetako jakiak eta edariak dastatzeko parada izango da bertan egunotan, baita zenbait produktu erostekoa ere. Hain zuzen ere, Kataluniako, Nafarroako eta Arabar Errioxako ekoizleek hainbat postu jarriko dute gaur eta bihar Azoka Plazan.

Gaur goizean hasi dira jardunaldiak, eta 11:00ak inguruan elkartu dira Azoka Plazan Manresako eta Azpeitiko udaletako ordezkariak. Besteak beste, Azpeitian dira Manresako alkate Valenti Junyent eta Joan Calmet zinegotzia, eta haiekin izan dira Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Agustin Lizarralde zinegotzia, Mikel Serrano Zumarragako alkatea eta turismo arloko hainbat ordezkari. Hainbat herritar ere bertaratu da produktuak dastatzera eta erostera, eta giro ederra sortu da bertan. 13:00etan, esaterako, jatorri izeneko euskal sagardoen dastaketa egin dute hainbat lagunek.

Hasi besterik ez dira egin jardunaldiak; izan ere, arratsaldean eta bihar ere izango da zer egin jardunaldien barruan antolatu dituzten egitasmoei esker. Ardo dastaketa, Ignasis opiltxoen aurkezpena, bisita gidatua eta inaziotar pintxoen dastaketa izango dira, beste ekitaldi batzuen artean.

Egitaraua

Hau da Inaziotar Bideko Jardunaldi Enogastronomikoek eskainiko dutena:

Maiatzak 12, zapatua

  • 17:30. Inaziotar Bidearen 0 kilometroa, Loiola.
  • 19:00 Arabar Errioxako produktuen eta ardoen dastaketa komentatua, Mikel Garaizabalen eskutik, Azoka Plazan.
  • 20:00. Ignasis opiltxo berriaren estreinako aurkezpena eta elaborazio prozesuaren erakusteta zuzenean, Elikagunean.

Maiatzak 13, igandea

  • 11:00. Alde Zaharreko inaziotar guneetan bisita gidatua, Juan Bautista Mendizabalen eskutik, Azpeitiko Turismo Bulegotik abiatuta.
  • 13:00. Jardunaldien amaiera, Alde Zaharreko tabernek egindako 'inaziotar' pintxoak dastatuz, Azoka Plazan.