Aimar Olaizolak jokatuko du Urrestillako sanjuanetako pilota jaialdian

Uztarria.eus 2018ko mai. 11a, 17:52

Ekainaren 15ean, ostiralean, izango dira partidak Urrestillako Txikuri pilotalekuan, 22:00etan hasita, eta ETB1ean zuzenean eskainiko dituzte. Aurtengo jaialdia "inoizko onena" izango dela aurreratu dute, Aimar Olaizola Goizuetako pilotaria izango baita protagonistetako bat. Sarrerak datorren astean jarriko dituzte salgai Urrestillako Auntxa erretegian eta Lorea tabernan.

Sanjuanen atarian, Urrestillan pilota jaialdia antolatu ohi dute, eta aurtengoa "inoizko onena" izango da. Hala adierazi du Urrestillako pilota jaialdiak antolatzeaz arduratzen den arduradunetako batek, Alejo Urangak. Ekainaren 15ean, ostiralean, izango dira partidak Urrestillako Txikuri pilotalekuan, 22:00etan hasita, eta ETB1ean zuzenean eskainiko dituzte.

Lehen partidan nor baino nor ariko dira Mendizabal III.a eta Martinez bikotea Peio Etxeberriaren eta Tolosaren aurka. Jaialdiko bigarren lehian, estelarrean, Olaizola II.ak eta Zabaletak Altuna III.a eta Rezusta hartuko dituzte arerio. Alejoren esanetan, Mikel Goñi, Irujo eta Irribarria ekarri zituzten urteak "izugarriak" izan ziren, baina Aimar Olaizolak "jarraitzaile asko" ditu Urrestillan, eta goizuetarra ere "gogoz" dago Urrestillara etortzeko. 21 urte dira Urrestillan sanjuanen atarian pilota jaialdia antolatzen hasi zirela, eta urrestildarrak dio pilotari "handi" asko etorri direla Txikuri pilotalekura, baina aurtengo jaialdia "oraindainoko handiena" dela.

Pilota jaialdirako sarrerak datorren astean jarriko dituzte salgai Urrestillako Auntxa erretegian eta Lorea tabernan. Harmailetako sarrera 35 euro kostatuko da, jaialdi horretarako espresuki jarriko dituzten aulkia, berriz, 30 euro eta zutikakoa 20 euro. Guztira, 350 sarrera inguru jarriko dituzte salgai. Udalak lagundu du diruz jaialdia.