Gainean da ikasturteko azken Plazatarrak

Uztarria.eus 2018ko mai. 10a, 20:03
Sakona etxalde ekologikoan egin zuten saioko irudia.

Urrestillara biziklera irteera egingo dute hilaren 18an, eta txango horrekin agurtuko dituzte Plazatarrak egitasmoaren barruko saioak, hurrengo ikasturtera arte. Dagoeneko eman daiteke izena bizikleta irteeran parte hartzeko. Azken hilabeteotan egitasmoak izan duen erantzuna ikusita, orain arteko saioen "balorazio positiboa" egin dute Plazatarrak egitasmoaren sustatzaileek.

Gero eta gutxiago falta da udako oporretarako, baita Plazatarrak egitasmoaren ikasturteko azken saiorako ere. Maiatzaren 18an, ostirala, egingo dute haurrei eta beren gurasoei zuzendutako ekimenaren zazpigarrena.

Ikasturteko azken Plazatarrak saiorako Urrestillara irteera antolatu dute, Haur Hezkuntzako 5. mailatik Lehen Hezkuntzako 6. maila bitarteko haurrei eta beren gurasoei zuzenduta. Ohi bezala, irteeran parte hartzeko ezinbestekoa izango da lau umeko arduradun batek izena ematea eta ekintzan parte hartzea. Izen-ematea zabalik dago jada, eta horretarako azken eguna maiatzaren 16a izango da. Izen-ematea lau modutara egin daiteke: Gazte Informazio Bulegora bertaratuta, bulegora deituta (943-15 7160), gib@azpeitia.eus helbidera idatzita eta Ludotekan galdetuta. Euria egingo balu, ekintza bertan behera geratuko litzateke.

Plazatarrak egitasmoa  Udaleko Gazteria sailak eta ludotekek sustatutako egitasmoa da, eta horren helburua da haurrek, gaztetxoei eta horien gurasuei elkarrekin aisiaz eta herriaz gozatzeko aukera eskaintzea. Horretarako, denetariko ekintzak antolatzen dituzte, hala nola baserrira irteerak, sukaldaritza saioak edota jolas kooperatiboak. Aurtengo ikasturtean dozenaka haurrek eta gurasok hartu dute parte antolatutako ekintzetan, eta horregatik "balorazio positiboa" egiten dute Plazatarrak egitasmoaren sustatzaileek.