Buruhandiak errelebo bila

Urola Kostako Hitza 2018ko mai. 9a, 15:25
Xabier Aldalur, Oinatz Elustondo eta Ioritz Aginagalde. (Argazkia: Ihintza Elustondo)

Azpeitiko buruhandiak eta erraldoiak gidatzen gazte kuadrilla bat ibili izan da azken zortzi urteotan. "Esperientzia polita" izan den arren, ardura hori uztea erabaki dute, eta ordezko bila ari dira.

Ohikoa da Azpeitiko festetan erraldoiak dantzan eta buruhandiak haurrekin jolasean ikustea. Txikienek ederki gozatzen dute haien kontura, eta barruan sartuta joaten direnek ere une polit askoak pasatu ohi dituzte. 2010az geroztik herriko gazte kuadrilla batek izan du buruhandiak eta erraldoiak gidatzeko ardura, baina duela gutxi zeregin hori uztea erabaki dute. Orain, haien erreleboa hartuko duen talde baten bila ari da Azpeitiko Udala.

1990ean jaiotako mutil kuadrilla batek eman ditu azken zortzi urteak buruhandiak eta erraldoiak gidatzen, eta lagun talde horretako kideak dira Xabier Aldalur, Oinatz Elustondo eta Ioritz Aginagalde. 20 bat urte zituztela hasi ziren zeregin horretan. "Aurretik Itsasi dantza taldekoek eramaten zituzten, eta haiek uztera zihoazela eta, guri proposatu ziguten. Probatzea erabaki genuen, eta animatu egin ginen. Eta, horrelaxe, uste baino denbora gehiago eman dugu, azkenean", adierazi du Elustondok.

Guztira, lau buruhandi eta lau erraldoi daude Azpeitian, eta udalak abisatu izan die gazteei noiz tokatzen den haiek ateratzea. Dena den, urtean lau egunetan atera izan dituzte, normalean: Santio egunean, San Inazio bezperan, inauterietako astelehenean eta San Tomas egunean. Lehen Oriora eta Legazpira (Gipuzkoa) ere joaten ziren, baina, egun, Azpeitian bakarrik ateratzen dituzte. Santioetan, gainera, hainbat herritako erraldoiak etortzen dira Azpeitira, eta txapelketa egiten dute.

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.