Inaziotar Bideko jakiak eta edariak nagusi izango dira asteburuan Azoka Plazan

Uztarria.eus 2018ko mai. 8a, 15:43
Eguerdian aurkeztu dituzte Inaziotar Bideko Jardunaldi Enogastronomikoak, Azoka Plazan.

Inaziotar Bideko Jardunaldi Enogastronomikoak egingo dituzte zapatuan eta igandean. Azpeitiko eta inguruetako produktuez gain, Kataluniakoak, Nafarroakoak edota Arabar Errioxakoak ezagutzeko eta dastatzeko aukera ere izango da. Inazio Egañak Ignasis opiltxo berria aurkeztuko du eta Alde Zaharreko tabernetan pintxo bereziak jarriko dituzte asteburu osoan, besteak beste.

Azpeititik Manresara (Katalunia) doan Inaziotar Bidearen zabalkundean eragiteko egitasmo berria izango da asteburuan herrian, Azoka Plaza erdigunean jarrita. 2016an Manresan lehen aldiz egin zituztenei lekukoa hartuta, Inaziotar Bidearen Jardunaldi Enograstronomikoak antolatu dituzte zapaturako eta iganderako, bideak igarotzen dituen lurraldeetako jakiak eta edariak "ezagutzeko, dastatzeko eta erosteko" eskaintza zabalarekin. Azpeitiko eta inguruetako produktuez gain, Kataluniako, Nafarroako edota Arabar Errioxako ekoizleek ekarriko dituztenak aukeran izango dira bi egunez Azoka Plazan.

Gaur aurkeztu dute egitasmoa, Azoka Plazan bertan; Agustin Lizarralde, Estitxu Elduaien eta Mikel Ibarzabal zinegotziek, Azpeitiko Turismo Bulegoko Alaitz Aguadok, Urkomeko Iurre Peñagarikanok eta Elikaguneko Agurtzane Odriozolak parte hartu dute agerraldian.

Zapatu goizean, bertako produktuen eta Inaziotar Bideak zeharkatzen dituen hainbat lurraldetako jatorri izeneko produktuen azoka egingo dute, eta ondoren jatorri izeneko euskal sagardoen dastaketa komentatua ere bai; gainera, goiz osoan txotxa irekita izango da. Arratsaldean, beste dastaketa komentatu bat egingo dute Azoka Plazan, Arabar Errioxako ardoena eta olioena, kasu horretan; Mikel Garaizabalek gidatuko du saioa. Zapatu iluntzean iritsiko da asteburuko une berezienetako bat: Inazio Egaña gozogileak Ignasis opiltxo berria aurkeztuko du, bere gozotegiaren ikur den Inazio opilaren bertsio "mediterraneoa, ukitu zitrikoarekin", gaurko aurkezpenean aurreratu dutenez; Elikagunean egingo du aurkezpena, eta opiltxo berria nola prestatzen duen ikusteko aukera ere izango da.

Igandean, 13:00etatik aurrera, Alde Zaharreko tabernetan prestatutako pintxoak dastatzeko aukera izango da Azoka Plazan. Izan ere, asteburu osoan zehar eskainiko dituzte tabernariek "ignaziotar pintxo bereziak". Era berean, Azoka Plazan Inaziotar Bideko argazkien erakusketa eta ardoen erakusketa eta dastaketa izango dira asteburu osoan.

Jan-edanaz gain, bi bisita gidatu ere eskainiko dituzte asteburuan: zapatu arratsaldean Loiolan eta igande goizean Alde Zaharreko ignaziotar guneetan. Igandekoan, Juan Bautista Mendizabalek Loiolako Inazioren garaiko gastronomiaren gaineko azalpenak emango ditu.

Egitaraua

Hau da Inaziotar Bideko Jardunaldi Enogastronomikoek eskainiko dutena:

Maiatzak 12, zapatua

  • 09:00-13:00. Bertako produktuen eta Inaziotar Bideak zeharkatzen dituen hainbat lurraldeetako jatorri izeneko produktuen azoka, Azoka Plazan.
  • 11:00. Jardunaldietara ongietorria eta aurkezpena, Azoka Plazan.
  • 13:00. Jatorri izeneko euskal sagardoen dastaketa komentatua, Azoka Plazan. Goiz osoan txotxa izango da irekita.
  • 17:30. Inaziotar Bidearen 0 kilometroa, Loiola.
  • 19:00 Arabar Errioxako produktuen eta ardoen dastaketa komentatua, Mikel Garaizabalen eskutik, Azoka Plazan.
  • 20:00. Ignasis opiltxo berriaren estreinako aurkezpena eta elaborazio prozesuaren erakusteta zuzenean, Elikagunean.

Maiatzak 13, igandea

  • 11:00. Alde Zaharreko inaziotar guneetan bisita gidatua, Juan Bautista Mendizabalen eskutik, Azpeitiko Turismo Bulegotik abiatuta.
  • 13:00. Jardunaldien amaiera, Alde Zaharreko tabernek egindako 'inaziotar' pintxoak dastatuz, Azoka Plazan.