Gaur hasiko da Sarek antolatutako futbito txapelketa

Uztarria.eus | Politika
2018ko mai. 7a, 16:43

Guztira bederatzi taldek eman dute izena txapelketan. Gaur hasi eta ekainera 21era bitartean, astegunetan, bi partida jokatuko dituzte, bata 19:00etan eta, bestea, 20:00etan. Finalak ekainaren 23an, larunbata, izango dira.

Iazko futbito txapelketako irudia.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Aurten ere ez du huts egingo presoen eskubideen aldeko futbito txapelketak. Azpeitiko Sarek antolatu du lehia, eta guztira bederatzi taldek parte hartuko dute. Sarek apirilean egin zuen txapelketa prestatzen hasteko bilera eta, hiru aste pasatuta, gaur, astelehena, hasi eta ekainaren bukaerara arte iraungo du futbito txapelketak. Astelehenetik ostiralera jokatuko dituzte partidak 19:00etan eta 20:00etan.

Finala izan ezik beste partida guztiak Betharrameko jolastokian izango dira. Talde guztiek elkarren aurka jokatu ondoren, ligara sailkatuko dira sailkapeneko lehen lau taldeak. Ondorengo laurak, berriz, kopara sailkatuko dira. Bederatzigarren egiten duen taldea txapelketatik kanpo geldituko da.

Honako talde hauek parte hartuko dute txapelketan: Ekuprix, Gaztetxie, Dandelion, Txominekuek, Korrale, Txifor, Hilarte, Psikotek eta Xibot. 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu