Jonathan Terronek jiu-jitsuko Europako txapeldun titulua berretsi du

Uztarria.eus 2018ko mai. 7a, 15:08
Jonathan Terron, garaipena eskuratu ondoren.

Azpeitiko bizilagunak bigarrengo aldiz eskuratu du Brazilian jiu-jitsu txapelketako Europako Txapelketako lehen saria. Jose Miguel Tamayo eta Octavio Oscar Luz de Paula donostiarrekin batera, Azpeitia ordezkatu du Terronek asteburuan Katalunian jokatu den txapelketan.

Brazilian jiu-jitsuko Europako txapelketako lehenengo saria eskuratu du asteburuan Jonathan Ferronek, eta lortutako garaipenari esker iaz lortutako txapela berrestea lortu du. Txapelketa Katalunian jokatu zen, L'Hospitalet de Llobregat herrian, eta Ferronek, bere irakasle Jose Miguel Tamayorekin eta Octavio Oscar Luz de Paularekin batera, Azpeitia ordezkatu zuen. Ez da lehenengo aldia, ordea, Azpeitiko bizilagunak titulua lortzen duela. Izan ere, aurreko urtean ere jiu-jitsularia Europako txapeldunaren tituluarekin itzuli zen Azpeitira.

Txapelketan mundu mailako hainbat jokalarik hartu dute parte. Horren harira, Terronek dio, "arerio gogorrak" izan dituela, eta gaineratu du "norgehiagokarik zailena" finalerdia izan dela, Brasilgo jiu-jitsulari baten aurkako "lehia estua", hain zuzen ere. Hala ere, Azpeitiko bizilagunak adierazi du, "oso pozik" dagoela lortutako garaipenarekin. Epe motzera dituen proiektuei buruz galdetuta, udan kokatu du Terronek hurrengo jomuga. Amerikako Estatu Batuetan, Las Vegasen, zehazki, jokatuko du hurrengo txapelketa. Hala ere, Terronek dio "diru kontuak aztertu" behar dituela aurretik, "txapelketako gastu guztiak" beraiek ordaindu behar izaten baitituzte.