- Zer balorazio egiten duzu ETAren desegiteaz?
- Aurrera begira, zer?
Bi galdera horiei erantzun diete ondorengo herritarrek:
Eneko Etxeberria (Azpeitiko alkatea, EH Bildu)
"Ez sinestekoa. Ni jaio nintzenean ETA zegoen eta nire bizi guztian zehar ETA ezagutu dut. Orain, bukatu dela jakiteak emozioz betetzen nau, erabaki historiko baten aurrean gaudela nabarmena da. Une batean, herri honetan sufritu eta sufritzen duten guztiez oroituz jabetzen zara garrantziaz eta benetan pausoa erraldoia izan dela, dudarik gabe bake bidean jartzen gaitu. Beraz, erabaki oso egokia eta positiboa dela esango nuke eta herri hau beste egoera eta bide batzuetan jartzeko balioko duela. Bada ere garai, une honetan gertatzen ari diren giza eskubideen urraketekin bukatzeko, presoen etxeratzea aitzakiarik gabe gizarte osoaren aldarrikapena bihurtu behar litzateke, baldin eta benetan giza eskubideetan sinesten badugu. Hala ere, errespetuz eta arretaz ibili beharko gara guztiok. Egia da orria pasatu behar dela baina, orria pasatu aurretik, orria irakurri egin behar da; eta irakurtzeko, errealitatean gertatu zena idatzi behar da.
Herri zahar honek herri gisa dituen eskubideak aitortuak izatea aspaldiko nahia da. Euskal herritarrak ETAren askoz aurretik ari dira Euskal Herria aitortua izan dadin eskatzen, eskaera historiko bat da euskal herritar belaunaldi askorentzat, eta orain ere eskaera eta nahi horrek hor jarraituko du. Oraindik ere nahi politiko hori hor dagoenez, gauzatzeko estrategiak eta ekimenak egongo dira".
Aitor Gorrotxategi (EAJren zinegotzia Azpeitian)
"Albiste ona da ETA desegitea, baina biktima guztiak gogoratu behar ditugu eta guk, bereziki, herrikoak. Denon artean memoria errelatoa egin beharra dago, horrelako talde baten beharrik ez dagoela adosteko.
Etorkizunari begira, denon artean aurrera egin behar dugu etorkizun baketsua desiratuz, baina pasatu dena ahaztu gabe eta oinarri sendoak errotuz, berriro gerta ez dadin".
Ekaitz Agirre (Azpeitiko Sorturen kidea)
"Momentu politiko historiko batean bizi garelako egin du ETAk, beste behin ere, hartu duen erabakiarekin bere ekarpena. Denok berdin baloratuko ez dugun arren, balioa eman behar diegu jarduera armatua alde batera utzi zuenetik ETAk gaur arte eman dituen urratsei. Beti ere Euskal Herriari begira, gatazkaren ondorioen konponbidea edota burujabetza prozesua erraztu eta indartzeko asmoz.
Frankismoaren hasieratik gaur arte, sufrimendu ugari izan da gure herrian eta kostatuko zaigu hori norabidetzea. Herritar guztiok egin beharko dugu ahalegina bake justu, oso eta iraunkor baten alde. Kontuan izanda, gainera, oraindik sufrimenduak jarraitzen duela, nire laguna bisitatzera joateko bere guraso zaharrek 16 ordu pasatu behar izaten dituzte errepidean. Gatazka politikoa ez zen ETArekin sortu, ETA gatazka zegoelako sortu zen eta zapaldutako herri baten aktibazio itzela ekarri zuen. Beraz, gatazka politikoa ez da amaitu. Herri honetako eskubideek errespetatu gabe jarraitzen dute, herri honek ez du erabakitzeko eskubiderik, zapaldutako herria izaten jarraitzen dugu.
Baina era berean, orain 60 urte sortu zen herri aktibazio horrek barreiatutako haziak prest daudela iruditzen zait datorren zikloari erantzuteko. Hainbat mugimendu eta dinamikak hori erakusten dute. Herritarren ilusioa puri-purian jartzera doa. Preso eta iheslari politikorik gabeko Euskal Herri demokratiko eta aske baterako oinetakoak aldatu eta bideari ekin diezaiogun, indarrak metatuz eta ezberdinen arteko elkarlana sustatuz".
Ramon Etxezarreta (PSE-EEren kidea)
"Herritarren borondatearekin urte luzetan entzungor izan ondoren bere buruaz beste egin behar izan du. Parafernaliaz jantzi nahi izan dira bere agonia eta heriotza, baina umiliagarriak izan dira. Hainbeste urtetan bere gehiegikerien aurrean herritarrak makurrarazten saiatu zena, bere makurrean bihurrituz hil da, demokraziari ez diola beldurrik esanaz.
Berri pozgarria izan da benetan. Asmatu beharko dute oinordekoei zergatik eta zertarako, zer lortzeko, asesinatzen zuten kontatzen. Eurena izango da argitzearen ardura. Baina esango nuke inork ez diela sinestuko beharrezkoa zelako iraun zuela erakunde armatuak eta beharrezko ez zelako desegin zela euskal gizartean. Zer aldatu zaie? Zer aldatu zaigu? Zer aldatu dute hainbeste erail duten urte hauetan?
Aurrera begira libre izango da nork berea pentsatzea, libre nork berea esatea. Derrigorrezkoa izango da guztiak errespetatzea. Libre izango da aberria nork bere erara maitatzea, libre, bai eta, aberria ez maitatzea ere. Askatasuna praktikatzen ikasi beharko dugu. Zigorrak leundu eta kendu ahal izango dira, baina errua betirakoa izango da, eternoa. Euskaldunon izen ona bezala ia".
Jabier Altuna (EAJren Azpeitiko Uri Buru Batzarraren burua)
"Horrelako gertaera historiko bat aztertzeko objektibitatea behar omen da eta gai honetan ni ez naiz batere objektiboa. Eta oso zehatza ere ezin izan, hitz labur hauek erabiliz.
Berri ona da, dudarik gabe, baina sentimendu kontrajarriak sortzen dizkit. Diktadura baten aurka, herriaren eskubideak defendatzeko sortu zen erakundeak, erailketa gehienak demokrazia garaian gauzatu ditu, eta herritarrak eta herritarron ordezkariak hiltzera iritsi da… Hildako guzti horien eta beren familien sufrimendua, ETAko militannteen sakrifizioa, beren familien sufrimendua, zertarako? Hau dena zertarako? Zer lortu dute? Orain dela 40 urte bide hori hartzera eraman zituztenek, hilerriak eta kartzelak bete dituen estrategia hartzea erabaki zutenek, herriaren izenean herriari kasurik egin ez diotenek ez al diote herriari azalpenik zor?
Egin duten barkamen eskaera hori ez zait inondik inora nahikoa iruditzen. Zeintzuk dira hiltzea merezi izan zutenak eta zeintzuk ez? GALek (eta norbaitek ardura hau hartu behar zuen aspaldi) egunen batean esaten badigu Lasa eta Zabala erailtzea konfliktoaren ondorio bat izan zela eta, beraz, barkamenik eskatu beharrik ez dutela, eta Juan Carlos Goenarena, berriz, sentitzen dutela, onartuko al dugu? Nik ez behintzat. Miguel Angel Blanco, Yoyes, Inaxio Uria gerra garbia, eta Lasa eta Zabala, Segundo Marey gerra zikina?
Ondorioak hor daude, hilerrietan eta kartzeletan. Bakoitzak bere mina du, eta gorrotoa kasu askotan. Zoritxarrez, hilerrietan daudenek ez dute konponbiderik; espetxe politikak, bai. Iraganari edo etorkizuneko elkarbizitzari emango diogu garrantzia handiagoa? Ez da erraza, ez motza izango. Uste dut Bernardo Atxaga izan dela gizartea adiskidea lortzeko bi belaunaldi beharko direla esan duena. Ez dakit bat, bi, edo hiru izango diren. Oraindik Gerra Zibileko zauriak itxi gabe ditugu...
Joan den astean, Juan Carlos Garcia Goenaren alaba etorri zitzaigun ikastetxera bere testigantza ematera. Entzuten ari ziren Batzilergoko lehen mailako ikasleek 10 urte zituzten ETAk armak utzi zituela adierazi zuenean. Gaurko gazteek, orokorrean, ez daukate ideiarik herri honetan zer gertatu den, gauzak nola izan diren, eta jakin behar dute.
Etorkizuneko elkarbizitzak egia izan beharko du oinarri, bestela ez da benetakoa izango".