Euskal presoen seme-alaben errealitatea hizpide izan dute ehun gazte inguruk gaur, Sanagustinen

Uztarria.eus 2018ko mai. 4a, 16:11

Euskal presoen dispertsioak adin txikikoengan duen eraginaz herritarrak "informatzea eta sensibilizatzea" helburu, Sare Eguna antolatu dute maiatzaren 19rako, Erantzi motxilak, egin jauzi! lelopean. Sare Egunaren atarian, ordea, hainbat ekintza ari da egiten Azpeitiko Sare. Gaur goizean, esaterako, euskal presoen seme-alaben errealitatea hizpide duen Motxilaren umea dokumentala eskaini dute Sanagustin kulturgunean, eta, ondoren, Sareko kide batek eta euskal preso ohi baten semeak solasaldia eskaini dute. Bihar, zapatua, Sare Egunaren inguruko xehetasunak emango dituzte Sanagustin kulturgunean, 12:00etarako deitu duten aurkezpen irekian. Azpeitiko Sarek herritar guztiak gonbidatu ditu biharko ekitaldian parte hartzera.

Testigantzak, lehen pertsonan

Ehun bat gazte hurbildu dira gaur goizean Sanagustinen eman duten Motxilaren umea dokumentala ikustera, eta hura amaitzean, Itziar Martinez Bizkaiko Sareko arduradunak eta Naike Diez motxiladun nerabe izandakoak hartu dute hitza. Diezek adierazi du, 18 urte zituela, "egun batetik bestera" aita atxilotu eta espetxean sartu zutela. Ondorioz, aita kartzelan egon den sei urte eta erdian, "motxila pisutsua gainean eraman behar izan" du, eta egunerokotasunean "zama astun horri aurre egin eta egoera berria kudeatzen ikasi behar" izan du familia guztiak. Donostiar gazteak adierazi du, bere aitak zigorraren zati handiena El Duesoko (Kantabria, Espainia) espetxean bete zuela, eta, zentzu horretan, "dispertsioaren alderik bigunena" ezagutu duela. Alabaina, Diezek azaldu du, dispertsio politikarekin presoen senideei eta lagunei ere "kondena ezartzen" zaiela, eta horren harira, hainbat zenbaki bota ditu: "Espainiako eta Frantziako estatuak 1989. urtean hasi ziren dispertsio politika ezartzen, eta, ondorioz, 400 istripu gertatu dira, 16 senide eta lagun hil dira errepidean eta 20 presok galdu dute bizia kartzelan". Era berean, donostiarrak dio, gaur egun, euskal presoen %70 etxetik 600 kilometro baino urrunago dauden espetxeetan daudela zigorra betetzen. "Euskal presoen kolektibo handiena Andaluziako (Espainia) eta Parisko (Frantzia) espetxeetan daude, eta dispertsio politikaren helburua da presoak etxetik urruntzea; beraien artean sakabanatzea, ahalik eta interakzio gutxien izan dezaten, eta mendeku horren eraginez, presoen inguru afektiboa ere nekatzea eta ahultzea". 

Euskal presoek pairatzen dituzten "eskubide urraketak gizarteratzeko eta herritarren babesa izateko" asmoz sortu zen Sare duela hiru urte, 2013ko urrian Guardia Zibilak Herrira erakundeko 18 kide atxilotu ondoren. Itziar Martinez Bizkaiko Sareko arduraduna izateaz gain preso ohia da, eta kartzelan zela ama izan zen, eta gaur egun espetxean dituen lagunak bisitatzera joaten da. Martinezen esanetan, "tresna oso garrantzitsua" da Sare, euskal presoek bizi duten errealitatea gizartean "sozializatzeko" eta Euskal Herriak "salatu" dezan presoekin gertatzen ari dena "bidegabekeria" dela. Martinezek gaineratu du, ETAk iragarri berri duela "desagertu" dela, baina "Euskal Herrian benetako konponbidea eta bakea lortzeko", presoak "etxera ekarri" behar direla. ETAk jarduera armatua behin betiko amaitzea erabaki zuen 2011n, baina Martinezek salatu du azken zazpi urteotan inoiz baino egoera "latzagagoa" pairatzen ari direla euskal presoak kartzeletan, eta zentzu horretan, instituzioen jarrera "nahikoa frustratua" dela. Frantziar estatuak "mugimendu zenbait egin" dituela aipatu du bizkaitarrak, baina "estatu espainolak duen jarrera eta posizioa aldatzea beharrezkoak" direla azaldu du.

Gaurko dokumentalaren eta solasaldiaren ondoren, Azpeitiko Sareko kide Eneritz Mancisidorrek eta Miren Arrietak ere hartu dute hitza, eta adierazi dute ETAk bere ibilbidearen bukaeraren berri eman izanak "etapa berri bat zabaldu" duela, eta aurrerantzean, "euskal herritar guztiok parte hartze aktiboa izan beharra" dagoela azpimarratu dute. Zentzu horretan, bi kideek gaineratu dute, "benetako konponbidea lorzteko bidean, oso garrantzitsua" dela errealitatearen "kontzientzia" hartzea, "egunero eskubide urraketak jasaten dituzten presoak, senideak eta lagunak" daudelako.