Ekainaren 10eko giza katea

Ireki du lokala Gure Esku Dagok, ekainaren 10eko giza katerako izena eman nahi dutenentzat

Uztarria.eus 2018ko mai. 4a, 12:40

Ari da gerturatzen Gure Esku Dago (GED) plataformak ekainaren 10erako antolatu duen giza katea, eta Azpeitiko GEDn ere buru-belarri ari dira data hori prestatzeko lanean. Horrela, dagoeneko ireki dute Foru Ibilbideko oinezkoen estalitako pasabidean duten lokala, giza katean parte hartu nahi duten azpeitiarrek izena bertan eman dezaten, edota kamisetak, zapiak eta bestelako salgaiak eros ditzaten.

Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu ekainaren 10ean erabakitzeko eskubidearen alde 201 kilometroko giza kateak, Eman eskua etorkizunari leloarekin. 100.000 bat lagun elkartzea da GEDn asmoa. Helburu nagusia lortzeko, Azpeitiari, Errezilekin eta Beizamarekin batera, Zumaia eta Getaria arteko bidean 2.000 lagun inguru batzea eskatu zaio.

Parte hartu nahi dutenek zabalik izango dute Azpeitiko GEDn bulegoa astelehenetik ostiralera arratsaldero, 17:30etik 20:00etara. Astearteetan, gainera, goizez ere irekiko ditu ateak, 10:30etik 13:00etara; eta zapatu goizero ere irekita izango da ordutegi berarekin, 10:30etik 13:00etara.