Ofizioz, ganaduen podologoa

Urola Kostako Hitza 2018ko mai. 2a, 18:28
Joxe Aizpurua ferratzailea, Azkoitiko Izar Etxetxo baserrian idia ferratzen.

Joxe Aizpurua ferratzailea da ogibidez, eta bera arduratzen da Urola Kostako baserrietako ganadua tratatzeaz. Azpeitian, esaterako, Agite baserrira joan ohi da idiak ferratzera. Urola Kostako Hitzak erreportajea egin du.

Denboraren joanarekin, belaunaldi berrien etorrerarekin eta bizi ohituren aldaketekin asko dira desagertu edo desagertzear diren ogibideak. Asko eta askotarikoak ziren duela hamarkada batzuetara arte ezinbestekoak ziruditen lanbideak. Esaterako, gaur egun bizargina, serora, errementaria, sastrea edo telefonista aurkitzea lasto artean orratz galdua bilatzea baino zailagoa da.

Inguruotan banaka batzuren esku dagoen beste lanbide bat da ferratzailearena. Urrestillan bazen bat ezaguna; Joxe Mari Arruti zena, baina haren faltan, gaur egun, Urola Kosta eskualdeko baserrietako ganaduei “manikura” egiteaz eta ferrak jartzeaz Joxe Aizpurua Soroa (Asteasu, 1951) arduratzen da. Asteasuko Olarreaga Goikoa baserrian jaio zen Aizpurua, eta mutil kozkorretan aitarengandik ikasi zuen ganadua ferratzen: “Aita ferratzailea zen ogibidez, eta baserrian egurrezko ferratoki finkoa zuen. Asteasuko eta inguruko herrietako baserritarrek gurera ekartzen zuten ganadua ferrak jartzera: Aizarnatik, Errezildik, Aiatik, Zizurkildik, Larrauldik… egunero izaten zuen lana gure aitak. Gogoan dut Erdoiztatik barrena, zaldi parearekin goizean garaiz aterata etortzen zela baserritar bat, eta gurean abereak ferratu ondoren, arratsaldean egiten zuela etxerako buelta”.

Eraikuntzan egin du lan urte luzez Aizpuruak, baina etxegintzan urrezko aroa gainbeheran hasi zenean, mutikotan aitak irakatsitako ofizioari heldu zion. Ferratoki eramangarria eta beharrezko lan tresnak hartu, eta Asteasu, Tolosa, Hernialde eta Zumarraga aldean eta Urola Kostan baserriz baserri ibiltzen da. Azkoitiko Izar Etxetxo, Bentauste eta Balentziaga baserrietako ganaduak asteasuarraren bezeroak dira. Azpeitiko Agite baserria ere bisitatu ohi du Aizpuruak, baita Zumaiako Sarrondo, Getariako Bizkarra, Zarauzko Azti eta Orioko Oliden ere.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.