'Ekain eta Ekainkeriak' ikuskizuna estreinatuko du Ekaintxok zapatuan

Uztarria.eus 2018ko mai. 2a, 13:29

Udalaren Sormen Bekaren bidez sortu du ikuskizuna pailazo eta aktore azpeitiarrak. Soreasu antzokian izango da emanaldia, eta umeek ez ezik, gazteek eta helduek gozatzeko aukera izango dute.

Ekaintxo pailazoak Ekain eta Ekainkeriak ikuskizuna sortu du Azpeitiko Udalak ematen dituen Sormen Beken bidez, eta zapatuan eskainiko du lehenengo emanaldia, Soreasu antzokian.

Haur, gazte zein helduentzako ikuskizuna da Ekain eta Ekainkeriak, eta umorea eta magia uztartuta, publikoa "harriduraz" asetzeko prest da azpeitiarra. 17:00etan hasiko da saioa.

Ekaintxoren proiektuarekin ez ezik, beste hainbat lanetan ere buru-belarri dabil Ekain Ibarguren aktore eta pailazoa. Hala nola, ETB3ko ‘3zpa4’ saioko protagonistetako bat da azpeitiarra, eta duela bi urtez geroztik Loreren pertsonaia hezurmamitzen du Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ezagunen Katxiporreta faktoriaren Pupu eta Lore: Haizearen herrira ikuskizunean. Horrez gain, Gure Zirkua proiektuan murgilduta dabil pailazoa.