Frontoian ere bai

Uztarria.eus 2018ko mai. 1a, 12:53
Ezkerretik eskubira, Nagore Aramendi, Lorea Artetxe, Alaitz Badiola, Oihana Orbegozo eta Maddi Unanue, Karmelo Etxegarairen Perdillegi eraikineko frontoian. (Mailo Oiarzabal)

Gizonen eremua izan da esku-pilota ia osorik, orain arte. Emakume Master Cup txapelketaren aitzakian hasi dira gauzak aldatzen, pixkanaka. Mailo Oiarzabal kazetariak herriko emakume pilotariekin osatu du erreportajea, Uztarriaren apirileko aldizkarirako, 204. zenbakirako.

Pilotari batek, esku-pilotan aritzen den kirolari batek, hain justu, irabazi zuen iaz Azpeitiko emakumezko kirolari onenaren saria. Maite Iriarte lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketaren bigarren mailako finalera iritsi zen, eta txapelketa horretan egindako lanaren aitorpen gisara jaso zuen aipatutako saria.

Emakume esku-pilotariek denbora tarte laburrean lortu duten ikusgarritasunaren adibide ona izan daiteke Iriarteren saria, baita Emakume Master Cup txapelketek hiru edizio soilekin –binakakoak bi, eta aipatutako lau eta erdikoa– lortu dutenaren seinale ere: esku-pilotan aritzen zen emakumerik apenas zegoela zirudienean, frontoietan eskuz aritzeko gai, pronto eta gogoz dagoen kirolari andana agertu da. Azpeitian gertatzen ari dena da horren erakusle.

Utzitakoari berriro helduta

Txikitan, eskolarteko kirol jardueraren garaian, hasi ziren esku-pilotan jokatzen Alaitz Badiola (Azpeitia, 1981), Nagore Aramendi (Azpeitia, 1980) eta Oihana Orbegozo (Azpeitia, 1985). 13-14 urteren bueltan, ordea, utzi egin zuten pilota; oso gutxi ziren eskuz aritzen ziren neskak, aurrera egin ahala materiala gero eta gogorragoa... Orain, nerabezaroan utzitakoari heldu diote berriro, eta gustura dabiltza. Lorea Artetxek (Zestoa, 1982), berriz, palan aritu ostean ekin dio eskuz jokatzeari. Maddi Unanue (Azpeitia, 2005) da Azpeitian esku-pilotan hasi diren emakumeetan gazteena. Astean bitan egiten dituzte entrenamendu saioak pilotariek, astearteetan eta ostiraletan. Azpeitikoak dira taldea osatzen duten gehienak, baina beste herrietatik ere etortzen dira, Eneritz Arrieta azkoitiarra edota Hernanin bizi den Patri Espinar bizkaitarra bezala.

Artetxek izan ezik, erreportaje honetarako elkartu diren guztiek parte hartu dute Emakume Master Cup txapelketetan; hori izan da Badiolak, Aramendik eta Orbegozok umetan utzitako frontoira itzultzeko jaso duten bultzada, eta Unanueri pilotaren munduan bidea egiteko lagundu diezaiokeen aukera. "Txapelketa bera esperientzia polita da. Jende berria ezagutzeko aukera ematen dizu, kontaktuak egiten dituzu, eta horrek herrietatik deitzeko aukera gehiago ere ematen dizkizu", dio Badiolak. "Uste dut txapelketa honek berak bideratu duela orain emakumeen esku-pilotako partidak ere antolatzea. Festetan ere, oraintxe arte mutilek bakarrik jokatzen zuten, bai afizionatu mailakoek, bai profesionalek. Orain, askotan, aurretik gu jartzen gaituzte, neskei deitzen diete", gaineratu du Aramendik.

Iker Amarika pilotari ohia da Emakume Master Cup txapelketa martxan jarri zuena; Larrabetzukoa (Bizkaia) da Amarika, eta herri horretako Txokoan klubak abiatu zuen, hain zuzen ere, emakume pilotarien jardunari zabalkundea emateako lehen proiektua, Bizkaiko Federazioarekin elkarlanean. Handik abiatuta, baina federazioetatik kanpo, sortu zuten Amarikak-eta emakume pilotariei, eta bereziki esku-pilotariei, inoiz ez bezalako oihartzuna ematen ari zaien txapelketa.

Eragiteko aukera eta beharra

Oihartzun horretan ezinbestekoa ari da izaten hedabideen eta, bereziki, telebistaren rola. "Telebistak asko zabaltzen du abanikoa. Ikusgarritasuna emate horrekin, gazteek ere ikusi egiten dute, eta batzuk hasi dira dagoeneko galdezka, nola eta noiz ibiltzen garen. Hori abantaila da", aitortu du Badiolak.

Gazteen artean esku-pilotarako joera eta zaletasuna areagotzea da, izan ere, txapelketetan ari diren emakumeen nahia. Denbora gutxian "pauso handiak ematen ari" direla deritzo Aramendik, baina denek dute argi lantzeko asko dagoela oraindik. Izan ere, beren haurtzarotik gauzak ez direla asko aldatu ematen du; neskarik apenas aritzen den pilotan adin txikietan. “"Beti harritu izan nau txikitan, pilota gozo-gozoekin ibili, eta hala ere, zer neska gutxi aritzen den pilotan. Azkenean, beste edozein kirol bezalakoa da, baina ez dago normalizatuta. Bada pixka bat arraroa, mutilentzat bakarrik dela ematen du. Gu orain hasita, bidea pixka bat zabaldu egingo da? Ez dakit", dio Aramendik. "Zerbaitek huts egiten duela iruditzen zait umetan, ez dela bultzatzen edo". Azpeitian, Ilunpe klubean, "txikietan pare bat neska" besterik ez dabiltzala azaldu du Badiolak. Unanueren kasua salbuespena da, beraz. "Ez, ez ditut asmo horrekin ikusten", dio berak, bere inguruko lagunak pilotan probatzeko gogoarekin ikusten al dituen galdetuta.

Hala ere, badute gauzak aldatuko direnaren esperantza. "Uste dut gure adinekook bidea ireki dugula pixka bat, eta hauek [Unanuez ari da] aukera gehiago edukiko dituztela, txapelketa mordoa izango dutela", aipatu du Orbegozok. Frontoian ere, harmailetan ez ezik kantxan ere, tokia lortzen jarraitu nahi dute emakumee