Walter Becerra eta Oihana Azkorbebeitia nagusi, XIV. Izarraizko mendi lasterketan

Uztarria.eus 2018ko api. 29a, 16:25

Ibilbide berriarekin, Izarraizko Atea parkean hasi da Azkoitiko Anaitasuna eta Azpeitiko Lagun Onak mendi bazkunek elkarlanean antolatutako Izarraizko XIV. Mendi Lasterketa, 09:30ak puntuan. Leku berean baina orduerdi beranduago, 10:00etan, hasi da hamar kilometroko proba laburra. Lasterketa nagusiak 25 kilometro eta 1.500 metroko malda positiboa izan ditu, eta 140 lagunek parte hartu dute proba horretan. Mendiko ibilbidea eginda, Azkoitiko plazan bukatu dute proba, eta Walter Becerra sestaoarra izan da helmugara iristen aurrena (02:18:18). Sestaoko korrikalariak Izarraizko mendi lasterketa irabazten duen laugarren aldia da aurtengoa. Izan ere, lehen postuan helmugaratu zen 2011an, 2012an eta 2016an jokatutako probetan. Emakumezkoetan, aldiz, Oihana Azkorbebeitia abadiñarra (02:39:32) izan da azkarrena. Lasterketa nagusian bigarren azkarrenak Imanol Larrañaga (02:21:56) azkoitiarra eta Nuria Picas manresarra (02:45:30) izan dira. Proba nagusiko podiuma Xabat Manzisidor azpeitiarrak (02:22:19) eta Maria Zorroza gernikarrak (02:47:51) osatu dute. Lasterketa luzearen sailkapena honako lotura honetan ikus daiteke.

Lasterketa motzerako prestatu duten ibilbideak, berriz, hamar kilometro eta 470 metroko malda positiboa izan ditu, eta 88 korrikalarik osatu dute ibilbidea. Helmugara iritsi den aurreneko korrikalariak ordubete azpitik behar izan du lasterketa amaitzeko. Aitor Mimenza elorriotarra (00:44:04) eta Mari Carmen Seijas (00:59:29) azkoitiarra izan dira helmugara iristen aurrenak. Bigarren egin dute Ismael Vila (00:45:34) kataluniarrak eta Oihana Agirre (01:00:14) azpeitiarrak. Podiumeko hirugarren postuan, berriz, Mikel Olaizola (00:45:36) azpeitiarra eta Irati Larrañaga (01:00:54) usurbildarra sailkatu dira. Aurten, aurrenekoz, lasterketa laburra kadete mailatik gorako gazteentzat antolatu dute, hau da, 15 urtetik gorakoentzat. Lasterketa laburreko sailkapena, hemen.