Gaztea Maketa Lehiaketa irabazteko atarian gelditu da Silence

Uztarria.eus 2018ko api. 28a, 14:04
Silenceko musikariak, entzuleen Gazte BizHitza saria jasotzean. Eskubikoa da Hidago. (Argazkia: @Gaztea)

Azkoiti-Azpeitiko taldeak ez du sari potoloena irabazterik izan Bilboko Kafe Antzokian jokatutako finalean. Hala ere, entzuleen bozei esker eskuratutako 2.500 euroko sariarekin eta "bizitako esperientzia izugarriarekin" itzuli dira Maketa Lehiaketatik. Finalean izan ziren lagunei eta hara joaterik izan ez zutenei eskerrak eman dizkiete Silenceko artistek. 

Atzo, ostirala, jokatu zen Gaztea irratiak antolatutako XXVII. Maketa Lehiaketaren finala Bilboko Kafe Antzokian, eta bertan izan zen Silence musika taldea, “dena ematen”. Kontzertu “txukuna” eman bazuten ere, ez zuten finala irabazterik lortu. Hakima Flissik irabazi zuen finala, eta horrenbestez  5.ooo euroko saria eta BBKLIVE musika jaialdian jotzeko aukera irabazi zituen bakarlariak. Sari potoloena ez, baina entzuleen bozei esker eskuratutako 2.500 euroko GazteBizHitza sariarekin itzuli zen Silence atzoko finaletik.

Julen Hidalgo bateria-jotzaile azpeitiarrak eta Jose Mari Unanue, Djuniet Astigarraga, Jon Kustodio eta Andrea Pozo azkoitiarrek osatzen dute Silence. Bost musikariek beste lau talderekin elkarbanatu zuten oholtza atzoko finalean: Pho-Borekin, Hakima Flissirekin, Neraberekin eta Aizkorak Zorrozturekin.

Finalean “kontzertu izugarria” eskaini zutela diote Silenceko artistek, eta bertaratu zen jendeari “asko” gustatu zitzaiela kontatu dute. Horrez gain, nabarmendu dute epaimahaiak ere "oso positibo" baloratu zuela eskaini zuten kontzertua, eta "oso pozik" itzuli direla Bilboko finaletik.

Taldeak honako mezu hau zabaldu du Instagram sare sozialean, entzuleei eta inguruko jendeari eskerrak emateko:

“Eskerrik beroenak Silenceri babesa ematera etorri zineten guztioi ,eta etortzerik izan ez zenutenoi ere bai, zuei esker gu ere txapeldun sentitzen gara! Zuek bezelako jendeak onena merezi duelako gogor entseatzen jarraituko dugu isiltasunak oihu egin dezan. Bihotzez, eskerrik asko gure lehen kontzertuan hor egoteagatik”.

Silence musika taldearen inguruan Julen Hidalgori egindako elkarrizketa, hemen.