Jose Luis Rey 'Amalau': "Bi hilabetetan eskuetatik kendu zizkiguten guztiak"

Uztarria.eus 2018ko api. 27a, 17:26
Jose Luis Rey astearte batean Azpeitiko azokan. (Ainitze Agirrezabala)

Biologia ikasteko asmoa albo batera utzi eta azoketan saltzaile hasi zen. Etorkizun "lausoa" ikusten dio ofizioari. Ainitze Agirrezabala kazetariak elkarrizketa egin zion Amalauri, Uztarriaren apirileko aldizkarirako, 204. zenbakirako.

Nolatan hasi zinen azokaz azoka arropa saltzen?

Nire amonaren aita, Tomas Arsuaga, hasi zen ganadu mantak, segak, marmitak, telak... saltzen azoketan duela 150 urte. Gero, belaunaldiz belaunaldi oinordetzan hartu dugu lanbidea. Biologia ikasi nahi nuen, baina uda batean lehengusu bati lagundu nion azokan, eta konturatu nintzen beste edozein lanbidetan baino hamar aldiz gehiago irabazten zela honetan. Ikasketak utzi eta azokaz azoka hasi nintzen. Egia esan, biologia ikasi ez izanaren arantza betiko geratu zait.

Zer etorkizun du zuen lanbideak?

Urte oso-oso onak izan ditugu, merkataritza gunerik-eta ez zegoenean. Baina, egun, egoera bestelakoa da. Nire bi seme-alabek, behintzat, garbi dute ikasi egin nahi dutela.

Zein herritan izaten zarete saltzen?

Astearteetan Azpeitian izaten gara, asteazkenetan Ordizian, ostegunetan Markinan, ostiraletan Leitzan, zapatuetan Zumarragan eta igandeetan feriaren bat non den, ba han. Eta salmentarako herririk onena Azpeitia da. Durango eta Tolosa ere merkatu onak dira.

Lumazko jaka termikoen salmentarekin pagotxa izan duzue aurtengo neguan, ezta?

Urrian hasi ginen saltzen, eta hasieran jendea ez zen fio, baina probatu zutenak harrituta geratu ziren. Gero, bi hilabetetan guztiak eskuetatik kendu zizkiguten. Eta dagoeneko zenbait bezerok datorren negurako ere eskatu dizkigu gordetzeko.

Zer ezaugarri ditu jakak?

Eroale termikoak eta aislanteak ditu, eta USB bidez poltsikoan gordetzen den bateria batera lotzen da. Hiru intentsitate aukera ditu: 52 gradu, 46 eta 38, eta garbigailuan garbitzen da. Zerbikalak, bizkarraldea, giltzurrun eta bular aldeak berotzen ditu. Asturiasen ekoizten dute eta 36 orduko autonomia du bateriak. Azoketan neu bakarrik ari naiz beroki hori saltzen, 81 eurotan. Dendetan 130 eurotik gora balio dute halako jakek.

Nork erosi dituzte jaka horiek?

Basomutilek, azoketako fruta saltzaileek, ehiztariek, iktusa emanda daudenek...

Datorren negurako berrikuntzarik bai?

Bai, txalekoak ere salduko ditugu. Bateria bidez funtzionatzen duten bota termikoak merkaturatzeko etengabe ari dira ikertzen.