Eraberritze lanak bukatuta, erabilgarri dira Betharrameko pilotalekuak

Uztarria.eus 2018ko api. 24a, 13:17

Amaitu dituzte Betharram eraikinaren kanpoaldeko frontoiak konpontzeko lanak. Horiek bukatuta, erabilgarri daude bi pilotalekuak. Frontisa nahiz ezker horma txukundu eta margoketa lanak egin dituzte. Joan zen martxoan hasi ziren Betharram eraikineko frontoiak eraberritzen, herritarren pilotaleku eskaerari erantzuna emateko. Izan ere, Udalak jakinarazi zuenez, pilotarako "gero eta afizio handiagoa" dago herrian. 

Izarraitz ere martxan

Izarraitz pilotalekua berritzeko konponketa lanak ere martxan dira joan zen martxotik. Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuak Twitter bidez jakinarazi duenez, atzo Izarraizko obrak ikustera joan ziren pilota elkarteekin batera. Izan ere, haien iritziak jaso ostean ekin zieten Izarraitz eraberritze lanei. Elduaienek aurreratu duenez, "martxa" onean doaz konponketa lanak, eta maiatzaren 20rako bukatuta izango direla aurreikusten dute. Egun horretan Pilota Eguna ospatuko da Azpeitian.

Konponketei dagokienez, frontoia beharrezko neurrietara egokituko dute, pilotan jokatzeko ohiko araudiko neurriak baino handiagoak baititu. Horrez gain, lurrari tratamendu berezia emango diote. Udalaren hitzetan, "frontoiak izan duen erabileragatik lurra nahikoa egoera txarrean dago, eta zeregin nagusietako bat lurrari tratamendua ematea eta lurra egoki uztea izango da". Hori ez ezik, kontrakantxako lurra berritu eta ezker horman zein frontisean pintaketa lanak egingo dituzte.