Azoka kulturala, txotxongilo ikuskizuna eta kontzertu akustikoa, Gazte Astea abiatzeko

Uztarria.eus 2018ko api. 22a, 21:21

Eguerdian bota duten txupinazoarekin hasi dute aurtengo Gazte Astea. Gipuzkoa Klasika txirrindulari proba medio, herriko plazan egitekoak ziren ekitaldiak Perez Arregi plazan egin dituzte. Lehen eguneko protagonistak izan dira Azoka Kulturala, Ostomila txotxongiloaren Osaba untxiaren istorioa emanaldia eta bazkaria. Arratsaldean, berriz, Apalatxeren eta Isuo Sasiiaren kontzertu akustikoak izan dira.

Aste batek baino egun gehiago izango ditu aurtengoan Azpeitiko Gaztetxeak urtero antolatzen duen Gazte Asteak. Izan ere, gaur hasi eta maiatzaren 1era bitarterako denetariko ekintzak prestatu dituzte. Hala, urtero bezala, Gazte Astean ez dira faltako hitzaldiak, mahai inguruak, kontzertuak, parodia kritikoa, parrillada eta txokolatada. Baina horiez gain, aurtengo egitarauan zenbait berrikuntza gehitu ditu Gaztetxeak. Izan ere, film laburren txapelketa, bingo musikatua eta karaokea ere antolatu dituzte inoiz baino luzeagoa izango den Gazte Asterako.  

Iazko Gazte Asteak eman zuena bideoan laburtu zuten Gaztetxeko kideek, eta lotura honetan ikus daiteke.

2018ko Gazte Astearen egitaraua osorik, hemen:

Bihar, apirilak 23, astelehena:

18:00etan: Literatura, kontsumo kulturala edo sormenaren kultura? hitzaldia, Iratxe Retolazaren eskutik. Ondoren, afari tertulia. 

Etzi, apirilak 24, asteartea:

18:00etan: Venezuelako proiektu komunala hitzaldia, Luismi Huarteren eskutik. Ondoren, afari tertulia. 

Apirilak 25, asteazkena: 

18:00etan: Kapital akumulazioa eta turismoa Donostian hitzaldia, Hotel+ ez kolektiboko kideen eskutik. Ondoren, afari tertulia. 

Apirilak 26, osteguna:

18:00etan: Euskal Herriko langile mugimenduaren historia hitzaldia, Jon Kortazarren eskutik. Ondoren, luntxa.

22:00etan: Film laburren txapelketara aurkeztutako ikus-entzunezkoen emanaldia. 

Apirilak 27, ostirala:

21:00etan: Parrillada, udaletxeko arkupetan. 

Ondoren, gaztetxeko kideen parodia kritikoa. 

Apirilak 28, zapatua:

14:30ean: Bazkaria Gaztetxean. 

Bazkalostean, kantaldia Tony Rocket abeslariarekin. 

20:00etan: Luntxa. Ondoren, bingo musikatua. 

22:30ean: Karaokea.

Apirilak 29, igandea:

19:00etan: Peputz bakarlariaren emanaldia eta txokolatada. 

Apirilak 30, astelehena: 

18:00etan: Langile autodefentsa hitzaldia Andrea Bartolo eta RAeko kide baten eskutik. Ondoren, afari tertulia.

Maiatzak 1, asteartea:

Goizean (ordua zehazteko dago), mahai ingurua Gaztetxean. 

14:00etan: Bazkaria. 

19:00etan: Langile boterea eraiki lelopean manifestazioa plazatik abiatuta.

Hona hemen gaurko egunak eman duena argazkitan: