Baserria izan da protagonista Plazatarrak egitasmoaren gaurko saioan

Uztarria.eus 2018ko api. 21a, 00:49

Baserritarrek baserrian nola lan egiten duten ezagutzeko aukera izan dute gaztetxoek Plazatarrak egitasmoaren seigarren jardunaldian. HH5. mailatik LH6. mailara arteko 40 ume inguru, dozena bat guraso eta lau begirale plazan elkartu dira 17:30ean, eta Sakona baserrira joan dira oinez. Han, lehenbizi, artoa aletu dute, eta, ondoren, ukuilura joan dira ardiei jaten ematera. Gero, Sakonak duen baratzera joan dira Plazatarrak ekimeneko protagonistak, eta baserriko arduradun Aiora Etxeberriak ortuan zer landatuta duten azaldu die. Bisita bukatzeko, baratzearen ondoko txabolan merienda eman diete guztiei. Sabela beteta, Sakonatik oinez jaitsi dira guztiak plazara, eta Elikagunea eta azoka plazako baserritarren postuak bisitatu dituzte Ioritz Aizpuruk gidatuta. Elikagunean, berriz, izozkia eta Sakonako mamia eskaini diete egitasmoan parte hartu duten guztiei. Hona hemen gaurko Plazatarrak ekimeneko hainbat irudi: (Argazkiak: Aitziber Arzallus)