'Mikrouhinak' saioa

Doinu goxoak bezain ederrak, ganbera musika kontzertuan

Uztarria.eus 2018ko api. 20a, 16:53

I. Tekla jardunaldien barruan, ganbera musika kontzertua eskaini zuten atzo, hilak 19, Ignacio Arakistainek, Amets Sorazuk, Itziar Beitiak eta Alain Sorazuk Sanagustin kulturgunean. Kontzertuaren laburpen-bideoa da honako hau.

Saioari ekiteko, Alain Sorazuk txistuarekin eta Ignacio Arakistainek pianoarekin hiru pieza eskaini zituzten. Entzuleak musikara kateatu ostean, Amets Sorazuk harparekin eta Arakistainek pianoarekin bi abesti jo zituzten. Saioa amaitzeko, Itziar Beitiak eta Arakistainek piano emanaldi ederra eskaini zuten, lau eskutara. Bi artistek sei pieza jo zituzten lau eskutara, eta gogotik goxatu zituzten entzuleen belarriak. 

Uztarria Komunikazio Taldeak, Urola Kostako Hitzak eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean egindako Mikrouhinak bideo sortaren beste lan bat da hau. 

Tekla jardunaldia hasi besterik ez da egin. Gaur, ostirala, jarraituko du egitarauak.

Apirilak 20, ostirala:

19:30ean: Ignacio Arakistainek kontzertua eskainiko du pianoan Sanagustinen. Bachen, Beethovenen, Alainen, Brahmsen, Tanakaren eta Garbizuren hainbat pieza eskainiko ditu.

Apirilak 21, zapatua:

12:00etan: Arantxa Sagarzazu, Elena Agirre, Luisi Eizaguirre eta Anaitz Lizartza organo ikasleek kontzertua eskainiko dute, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.