Angel Oiarbide: "Hau maratoi bat da, eta indarrak neurtu behar ditugu"

Urola Kostako Hitza 2018ko api. 20a, 15:02
Angel Oiarbide. (Goierriko Hitza)

Elkarrekin-Together dokumentala emango dute gaur, Soreasu antzokian, 22:00etan hasita. Angel Oiarbide Gure Esku Dagoren bozeramaileak solasaldia eskainiko du emanaldiaren ostean.

Honako hau dio Elkarrekin-Together dokumentalaren trailerrak: "Bestelako mundu bat posible izan bazen, bestelako mundu bat posible izango da". Elkarrekin arituta, zertara irits daitezke herritarrak?

Filmak erakusten du gure arbasoak mundu mailako proiektu eredugarriak egiteko gai izan zirela duela 400 urte. Euskal baleazaleak protagonista izan ziren AEBetako ekialdeko kostako uharte batean. Izan ere, elkarlanean aritu ziren hango herritarrekin. Garai hartako petrolioa balearen gantza urtuta egiten zen, eta euskaldunek zuten horren hegemonia. XVI. mendean Euskal Herria garai hartako Saudi Arabiako Erresuma zela esan nahi du horrek, eta ikustekoa da euskal baleazaleak nola antolatzen ziren mundu mailan eredu izateko. Gai izan ziren interes komun bat zuten helburuak irudikatzeko eta elkarlanean aritzeko. Beraz, atzera begiratuta gaur egun baliagarri zaizkigun ikasgai ugari dugu. Erabakitzeko eskubidea gora eta behera gabiltzan garaiotan, zer erabakiko dugu ez badakigu zer egiteko gai garen?

Bost urte dira Gure Esku Dago martxan jarri zenutela. Ekainaren 10eko giza katea inflexio puntua izango al da?

Aurten ziklo bat bukatuko du Gure Esku Dagok, baina horrek ez du esan nahi ibilbidea bukatuko duenik. Ziklo natural bat amaituko da; izan ere, hauteskunde zikloa hasiko da datorren urtean gure herrian. GED elkarlan eta adostasun eremu bat hauspotzeko sortu zen, eta hauteskunde zikloa horren kontrakoa da guztiz. Urteotan, lan ugari egin dugu, eta aurten aukera ikusten dugu hori guztia borobiltzeko. Une berezi batean gaude, eztabaida instituzionala ematen ari delako Gasteizko erabaki gunean, Katalunian pil-pilean dagoelako gaia eta Europara iritsi delako eztabaida. Ekainaren 10ean egindako lanari ginga jar diezaiokegu.

Giza katea ez da igaroko Euskal Herriko lurralde guztietatik. Zergatik?

Euskal Herri osoa aintzat hartzen duen giza katea izango da, nahiz eta ez den pasatuko Nafarroatik eta Ipar Euskal Herritik. Helburua zen ekainaren 10ean herritarrak arrazoiz jostea eta arrazoi hori Gasteizko, Iruñeko eta Iparraldeko erabaki guneetara eramatea, baina Nafarroan eta Iparraldean oraindik ez da eztabaida instituzioetara iritsi. Gainera, toki horietako eragileetan eta GED-n ez zegoen ekainaren 10ean horrelako mobilizazio bat egiteko nahikoa borondate. Hala ere, nafarrek erabaki dute maiatzaren 19an giza harmarria egitea, eta giza katerako deia ere egin dute. GED-n ez dago erabakigunea den organorik, behetik gora datorren prozesua da, eta ezinbestekoa da herritarren borondatea. Nahiko genuke zazpi hiriburuak lotzen dituen giza katea egitea, baina hori planteatzeko eztabaidak beste intentsitate batean egon behar du Euskal Herri osoan.

Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitzaren webgunean irakur daiteke.