Udalaren egoera ekonomikoa "ona" dela nabarmendu du Udal Gobernuak

Uztarria.eus 2018ko api. 20a, 12:55
Leire Goenaga, Eneko Etxeberria eta Estitxu Elduaien. (Maialen Etxaniz)

2017ko likidazio datuak jakinarazi ditu Udalak, eta iazko gastuen betetze maila %86koa izan dela azaldu du. Gainera, gaur egun Udalak duen zor bizia "oso baxua" dela nabarmendu dute ordezkariek: %11,2koa da. 

Azpeitiko Udalak joan zen astean, apirileko udalbatzarrean, eman zuen iazko likidazioaren berri. Datu horien xehetasunak azaldu dituzte Leire Goenaga eta Estitxu Elduaien zinegotziek eta Eneko Etxeberria alkateak. Udalaren egoera ekonomikoa "ona" dela nabarmendu dute. Alde batetik, 2017ko gastuen eta inbertsioen betetze maila %86koa izan delako; eta, bestetik, gaur egun Udalaren zor bizia %11,20 delako. 

Udalak 27.726.334,88 euroko behin betiko aurrekontua izan zuen 2017an, eta gastuen betetze maila %86koa izan dela nabarmendu dute Udal ordezkariek. Hau da, urtearen hasieran aurreikusi zituzten asmo eta inbertsio "ia gehienak" bete dituzte. Gainera, Udal ordezkariek esan dutenez, Udalak egindako inbertsioak "ez dira nolanahikoak" izan. Hala azaldu du Goenagak: "Aurreko urtetik martxan zeuden hainbat proiektu eta obra bukatu zen, eta 2017an proiektu garrantzitsuak jarri genituen martxan: Artzubia kaleko eta Urrestillako bidegorrien proiektuak, hirigintza lan ugari auzoz auzo, Basozabal, igerilekuko obrak, Loiolabideko zubia, Izarraizko Atea parkea, Azoka Plazaren bukaera, argiteria, baserri bideak…". Horrez gain, arloz arlo, gizarte gaietan, hezkuntzan edota kulturan ezarritako helburuak bete dituztela adierazi du zinegotziak. 

Gastuen eta sarreren arteko oreka mantentzea, "inbertsioen betetze maila bezain garrantzitsua" dela esan dute Udal ordezkariek, "dirua gastatzea edo inbertitzea bezain garrantzitsua baita neurri bereko sarrerak izatea". Azaldu dutenez, hasierako aurrekontuan aurreikusitako sarreren kopurua "gainditu" egin dute 2017 urteko sarrerek. Udalaren aburuz, horren arrazoietako bat da gainerako administrazioek "begi onez" ikusi dituztela Azpeitiko erakundeak egindako inbertsioak. "Sarreren aurreikuspenak egiterakoan zuhurtziaz jokatu genuela agerian gelditu da. Horrez gain, azpimarratu nahi dugu, beste administrazioak egiten ari garen inbertsioak eta proiektuak begi onez ikusi dituztela. Horri esker diru-laguntza kopuru handiak lortzen ari gara", azaldu du Goenagak. Egindako inbertsio horien adibide bezala jarri ditu Basozabal, Azoka Plaza, bidegorria zein Esklabetako alokairu sozialeko etxebizitzak. 

Zorpetze maila baxua

Udalaren egoera ekonomikoa "ona" dela adierazten duen beste erakusle bat ere eman dute gaur: zorpetze maila. Udalaren zor bizia –gaur egun Udalak bankuekin duen zorra–  2.552.537,67 eurokoa da. Soreasu eraikitzeko eskatutako bi mailegutan banatuta dago diru kopuru hori. Mailegu bat 2020. urtean kitatzea aurreikusten du Udalak, eta bestea 2027an.

Estitxu Elduaien zinegotziak zor biziaren datua "oso ona" dela azpimarratu du: "Legeak ezartzen duen mugaren oso azpitik dago Azpeitiko Udalarena. Izan ere, legeak dio Udalaren zorra ezin dela izan aurreko urtean onartutako ohiko eskubideen %77 baino handiagoa. Gurea %11,2koa da". 

2017ko emaitzak kontuan hartuta, gaur egun Azpeitiko Udalaren diru-gerakina hamahiru miloi eurokoa da; hain zuzen ere, Udalak hamahiru milioi euro ditu erreserban. Diru hori sor daitezkeen ezustekoei erantzuteko edo proiektuak finantziatzeko erabili ohi da. "Gaur egun, Udalak poltsa oso ona du. Horrek indarra ematen du azpeitiarren beharrei erantzuteko eta inbertsioak egiteko", esan du Elduaienek. Hamahiru milioi euro horietatik zati bat lotuta dauden proiektu batzuetara bideratuko dute, esaterako, Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorriaren lanetara. Horrez gain, gerakinarekin finantzatuko dituzte 2017. urtean hasi baina bukatu ez dituzten proiektuak.

Udal ordezkariek adierazi dutenez, "kudeaketa on eta egoki baten isla" dira Udalaren emaitza eta datu ekonomikoak: "Azken urteetako kudeaketaren eta lanaren ondorio dira. Hemendik aurrera ere, aurrekontuak zuhurtziaz egiten eta gauzatzen jarraituko dugu, horrek soilik bermatuko baitigu urteko emaitza".