Lurdes Isart: "Txikitatik dut marrazkien bidez adierazteko behar hori"

Urola Kostako Hitza 2018ko api. 19a, 13:44
Lurdes Isart erakusketan. (Yuri Agirre)

Olio lanekin osatu duen Natura eta gizakiaren begiradak erakusketa ikusgai da hilaren 29ra arte. Astegunetan 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan 11:00etatik 14:00etara izango da zabalik Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan. Erakusketa bukatzean margolan bat zozkatuko du bertaratutako ikusleen artean.

Lurdes Isartek (Azpeitia, 1965) urteak daramatza margolanak egiten. Duela bi urte jarri zuen lehen erakusketa, eta orain ere ikusgai dira haren lanak Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Herriko sortzaileak "asko direnez", horiek animatu ditu beren lanak erakustera. "Merezi du egindakoa herritarrekin partekatzeak".

Noiz eta nolatan hasi zinen margogintzaren munduan murgiltzen?

Duela hamahiru-hamalau bat urte hasi nintzen margotzen, Donostian. Marrazketa betidanik gustatu izan zait, aurrez etxean margotzen nuen, baina orduan hasi nintzen koloreen mundua eta hainbat teknika deskubritzen, sormenari bide emanez. Axaletik egia esan, baina sasoi hartan hasi nintzen margogintzara gerturatzen. Harrezkero, azken zortzi urteotan, Diart akademian aritzen naiz, batez ere, olioa lantzen.

Nondik datorkizu afizioa?

Txikitatik dut marrazkien bidez adierazteko behar hori. Hasieran, ziurrenik modu inkontzientean, edozer gauza margotzen nuen. Eskolan ere marrazketa artistikoa zen nire ikasgairik gustukoena. Kurtso bat ere egin nuen amak bultzatuta, eta orduan pentsatu nuen ederra litzatekeela olioa edo pastela lantzea. Urteetan aritu nintzen horri bueltaka, eta  Diarten hasi nintzen teknika horiek lantzen.

Zer ikus daiteke zuk egindako margolanetan?

Egin ditudan lanetan hainbat gauza ikus daiteke, baina marrazketatik dezente dute nire lanek. Paisaiak ageri diren lanetan naturaren edertasuna, berez naturak duen harmonia, kolore bidez markatutako kontrasteak  eta abar ikus daitezke. Eta lan horiek egiteak gozamena sortzen du.  Aurpegien kasuan, berriz, begiradari garrantzia handia ematen diot. Argazkia hartzen dudanean, haren antzekotasunari baino arreta handiagoa jartzen diot begiradarekin adierazi nahi dudanari. Eta orduan hasten naiz koloreekin jolasten.

Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitzaren webgunean irakur daiteke.