"Lehia gogorra" aurreikusi dute larunbatean jokatuko duten Azpeitiko Rallysprintean

Uztarria.eus 2018ko api. 18a, 13:44

61 gidari lehiatuko dira 15 kilometroko ibilbidean, horietatik zortzi azpeitiarrak. 15:00etatik aurrera, Etumeta eta Aizarna artean jokatuko dute proba, eta hiru manga egingo dituzte. Antolatzaileen esanetan, ez dago faborito argirik.

Larunbatean jokatuko da Lagun-Artea taldeak antolatutako Azpeitiko Rallysprinta. 61 auto gidari lehiatuko dira Etumetan eta Aizarnan egingo duten 15 kilometroko ibilbidean, eta Euskal Txapelketarako eta Gipuzkoako Txapelketarako hirugarren proba puntuagarria izango da. Aurten, parte hartzaileen artean "lehia gogorra" izango dela aurreikusi dute antolatzaileek, besteak beste, "auto onak eta pilotu azkarrak" lehiatuko direlako. "Lehia oso handia izango da, garaile izateko aukera duten pilotu asko baitaude izena emanda".

Errezilen hasiko da proba, 15:00etan, eta bidearen erdia egindakoan Aizarnara desbideratuko dira. Guztira, hiru manga egingo dituzte, eta, antolatzaileen arabera, "gozatzeko zatia" da zehaztu duten ibilbidea. "Denetik du bideak: zati azkarrak, zabalak, estuak, maldak...". Lagun-Artearen ustez, pilotuek gustukoa dute Azpeitiko Rallysprintaren ibilbidea, Iokin Agirre gidariak ere hala berretsi duenez. Larunbateko proban BMW M3 autoarekin lehiatuko da azpeitiarra, eta lasterketa amaitzea jarri du helburutzat. "Zoritxarrez, orain arte ezin izan dut bukatu Azpeitiko Rallysprinta, eta ea aurten behintzat amaitzea lortzen dudan", adierazi du.

Egiaztatze administratiboak Garoa kafetegian egingo dituzte, eta, teknikoak, berriz, epaitegiko plazan, 10:00etatik aurrera. 14:00etan, auto gidariak epaitegiko plazatik abiatuko dira Antzibar industrigunean egongo den asisentzia gunera, eta orduan itxiko dute errepidea. Sari banaketa, berriz, 20:00ak inguruan egingo dute, epaitegiko plazan.

Faborito argirik ez

Lasterketan izena eman duten 61 gidarietatik, honako zortzi azpeitiarrak dira: Jokin Aiertza, Iokin Agirre, Iñaki Alberdi, Garikoitz Zubizarreta, Jon Arregi, Iban Etxaniz, Ekain Otaegi eta Alex Aizpuru. Lagun-Arteak azpimarratu du guztien arteko lehia "irekita" egongo dela, ez baitago txapela lortzeko faborito argirik. Iñigo Cuesta Gipuzkoako Automobilismo Federazioko lehendakariaren iritziz, "lasterketa interesgarria" izango da larunbatekoa, gidarien artean "borroka polita" ikusi ahal izango delako. Honen arabera, hautagai asko daude txapela lortzeko bidean, eta antolatzaileek hainbat bikote dituzte begiz jota: hala nola, Enrique Barrenetxea eta Anartz Onaindia (Mitsubishi EVO IX), Mattin Villares eta Andoni Blas (Renault Clio Maxi), Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola (BMW M3), Jokin Aiertza eta Joseba Bikendi azpeitiarrak (Mitsubishi EVO IX), Joseba Beola eta Jose Luis Iratzoki (Mitsubishi EVO X) eta Gurutz Agirretxe eta Egoitz Aiertza errezildarrak (BMW M3).

Ohi bezala, lasterketak irauten duen bitartean leku seguruetan kokatu daitezen dei egin die zaleei. Gogoratu dute zinta gorriak dauden tokietan ezin dela egon eta debekatuta dagoela ibilbidean zehar aparkatzea. Hain zuzen, Landeta industrigunean, Erdoiztara jaisten den errepidean eta Benta-Berriko bidegurutzetik Errezilera doan errepidean aparkatzea gomendatu dute antolatzaileek.

Horrez gain, zaleek komisarioen aholkuak eta jarraibideak errespetatu ditzatela gomendatu diete antolatzaileek, eta mendia eta ingurumena errespeta ditzaten dei egin die. Proba zuzenean jarraitzeko aukera izango da Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioan eta www.fotomotor.es-en.