Futbito txapelketa herrikoia prestatzeko bilera irekia egingo dute ostegunean

Uztarria.eus 2018ko api. 17a, 19:00

Txapelketaren nondik norakoak eta izen-ematea izango dituzte hizpide batzarrean. Sindikatu Zaharrean egingo dute bilkura, 18:30ean hasita. Aurten ere Sarek hartu du txapelketa antolatzeko ardura. 

Gero eta gutxiago falta da futbito txapelketa herrikoia abiatzeko, eta Azpeitiko Sare hasita dago prestaketa lanekin. Bertan parte hartu nahi duten herritarrekin txapelketaren nondik norakoez hitz egiteko eta zenbat talde animatuko diren jakiteko, batzar irekia egingo dute ostegunean. Bilera Sindikatu Zaharrean izango da, 18:30ean hasita. 

Txapelketan parte hartu nahi duten talde bakoitzeko ordezkari bat bilerara bertara dadin eskatu dute antolatzaileek. Talde bakoitzak 60 euro ordaindu beharko du izen-ematea. 

Antolatzaileek aurreratu dutenez, futbito txapelketa herrikoia maiatzaren 2an edo 7an hastea aurreikusten dute. Partidak Betharrametako jolastokian jokatu dituzte ohi bezala. Finala, aldiz, plazan jokatuko dute ekainean. Iaz, Txaperuek eta Txifor taldeek irabazi zuten  futbito txapelketa. 

Urteak dira futbito txapelketa aurrenegoz egin zutenetik, eta orduz geroztik herriko hainbat taldek hartu dute txapelketaren ardura. Aurreneko urteetan Azpeitian Gazteok Zer? taldeak antolatzen zuen sariketa, eta Gaztetxeak hartu zuen lekukoa gero. Azkenengo urteetan Azpeitiko Sarek antolatu du txapelketa, eta aurten ere eragile horrek hartu du sariketa prestatzeko ardura.