Santa Engraziko eguna ospatzeko mendi irteera antolatu du Lagun Onak MBk iganderako

Uztarria.eus 2018ko api. 16a, 20:16
Santa Engraziko eguneko artxiboko irudia. (Urola Kostako Hitza)

Mendi irteeran izena emateko azken eguna osteguna, hilak 19, da. Igandean, meza, itxulapiko puskatzea, haurrentzat jolasak eta bazkaria egingo dituzte ibilaldira animatzen diren lagunek.

Lagun Onak mendi bazkunak egutegian borobilduta izan ohi duen data da Santa Engraziko eguna, eta hori ospatzeko mendi irteera antolatu dute iganderako. 

Ibilaldira animatzen diren lagunak 09:00etan irtengo dira anbulatorio aurretik. Gaztetxoak autobusez joango dira Zestoara, eta han hasiko dira ibilbidearekin. Helduek Azpeititik Santa Engrazira oinez joateko aukera izango dute. 12:00etan, meza egingo dute Santa Engrazin, eta Beheko Bentan salda beroa banatuko diete bertaratzen direnei. Ondoren, urtero egin ohi duten itxulapiko puskatzea, ume jolasak eta erromeria izango dira. Ondoren, 14:00ak aldera, paella bazkalduko dute Aizarnan, eta bazkalostean jolasak egongo dira haurrentzat. 18:00etan, autobusa egongo da Azpeitira bueltatzeko. Eguraldiak lagunduko ez badu, Aizarnako frontoian egingo dute bazkaria. 

Mendi irteeran izena emateko azken eguna osteguna, hilak 19, da. Lagun Onak MBko Bazkideek lau euro ordaindu beharko dituzte izen-ematea, eta gainontzekoek sei euro. Mendi Bazkunaren webgunean edo Xiriako gozetegian eman daiteke izena.