Herriko euskarazko hedabideak diruz laguntzea aho batez onartu du Udalak

Uztarria.eus 2018ko api. 11a, 12:37
Uztarria Komunikazio Taldeak egindako zenbait produktu.

Uztarria Komunikazio Taldearen, Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren diru-laguntza zuzenak arautzeko hitzarmenez aritu ziren atzo udalbatzarrean. Udaleko bi alderdiek EH Bilduk eta EAJk eman zuten hedabideek Udalarekin hitzarmena sinatzearen aldeko botoa. Hori dela eta, Uztarria Komunikazio Taldeak 31.586,26 euro jasoko ditu 2018. urtean.

Atzo, asteartea, egindako udalbatzarrean Uztarria Komunikazio Taldearen, Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren diru-laguntza zuzenak arautzeko hitzarmenak izan zituzten hizpide, beste gai batzuen artean. Udalean ordezkatuta dauden bi alderdiek –EH Bilduk eta EAJk– eman zuten herriko hedabideek eta Udalak urtebeterako hitzarmena sinatzearen eta komunikabideok diruz laguntzearen aldeko botoa.

Eneko Etxeberria alkateak esan zuen euskarazko hedabideak "estrategikoak" direla, eta horiek eta euskara "sustatzeko" komunikabide horien aldeko "apustua" egiten dutela, nahiz eta uste izan "gehiago lagundu" beharko lieketela. Aitor Gorrotxategi EAJren bozeramaileak ere hartu zuen hitza, eta akordioaren aldeko jarrera agertzearekin batera adierazi zuen "interesgarria eta beharrezkoa" dela herriko euskarazko hedabideetako ordezkariak urtean behin batzorde batera azaltzea: "Laguntza ematen jarraitzeko urtean zeharrerako dituzten egitasmoen berri azaltzea egoki ikusten dugu. Eta, esku artean proiektu estrategikoren bat izango balute eta haren berri emango baligute, agian aparteko laguntza ekonomikoa ematea hausnartuko genuke".

Horrenbestez, hitzarmenak sinatutakoan, 2018an, Uztarria Komunikazio Taldeak 31.586,26 euro jasoko ditu abian dituen komunikazio proiektuetarako, eta bestelako produktuak kaleratzeko 2.463 euro. Urola Kostako Hitzak 27.000 euro jasoko ditu, eta 6.000 euro Erlo Telebistak.