Mobilizazio handi bat prestatzen ari dira pentsiodunak eta jubilatuak

Uztarria.eus 2018ko api. 9a, 19:21
240 lagun inguru elkartu dira pentsiodunek eta jubilatuek gaur egin duten elkarretaratzean.

Astelehenero "pentsio duinen alde" egiten dituzten elkarretaratzeekin jarraituko dute, baina, horrez gain, mobilizazio handi bat egingo dute maiatzeko lehen asteburuan. Herriko eragileek nahiz norbanakoek protestarekin bat egitea nahi dute.

Azpeititiko Jubilatu eta Pentsiodunen Plataformak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur, astelehena, beste behin. Guztira, 240 lagun inguru elkartu dira, eta astero bezala, "pentsio duinak" aldarrikatu dituzte, Pentsio publiko duin baten alde, 1.080 gutxieneko pentsioa lelopean. Plataformako kideek nabarmendu dutenez, ez daude ados agintariek orain arte hartu dituzten neurriekin: "Ez dituzte gure eskariak asetzen. Aurrekontuetan onartuko dela esan dutenarekin ere ez gaude ados, huskeri bat delako. Hasieran bezalaxe gaude".

Horregatik, astelehenero elkartzen jarraitzeaz gain, mobilizazio handi bat prestatzen ari dira, maiatzeko lehen astebururako. Zehazteko dute eguna eta ordua oraindik. Mobilizazio horren aurretik, herriko taldeei nahiz eragileei dokumentu bat pasatuko diete atxikimendua eskatzeko, eta elkarretaratzean ahalik eta jende gehien biltzea izango da asmoa: "Jende gaztea, sindikatuak... herri osoa biltzea nahi dugu".

Herriko pentsiodunek joan zen otsailaren 19an egin zuten aurreneko elkarretaratzea, plazan. Haren ostean, astero elkarretaratzeak egingo zituztela iragarri zuten, eta halaxe ari dira; astelehenero biltzen dira plazan, 12:00etan.