Iker Bueno: "Klub bakoitzak bere interesak dituen arren, denon interesak antzekoak direla saiatu behar dugu ikusten"

Uztarria.eus 2018ko mar. 30a, 18:35
Iker Bueno. (Julene Frantzesena)

Iker Bueno (Azpeitia, 1988) Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko kirol arduradun izendatu berri dute. Dagoeneko hasi da lanean, eta Gipuzkoako federazioaren nahiz saskibaloiaren egoera "ona" dela uste badu ere, badaki lan asko egin beharko duela. Prest dago, gainera: "Saskibaloiaren alde ahal bezain beste lan egingo dut", azaldu du.

Nola hartu duzu kargua?

Ilusioarekin. Espero ez nuen gauza bat izan da, eta gauzak ondo egiteko gogoarekin nago. Kirol zuzendariak utzi egin zuen, eta pare bat elkarrizketa egin nituen duela aste batzuk. Eta ostiral goizean esan zidaten nirekin kontatzen zutela eta kargua hartuko al nuen. Momentuan bertan esan nien baietz.

Espero zenuen?

Bilera pare bat egin nituen aste hartan, eta banekien posible zela deitzea, baina espero, ez nuen espero; deitu zidatenean bizikletan nebilen lasai. Ez nengoen deiaren zain, baina banekien aukerak bazirela.

Zer da zuretzat Gipuzkoako Federazioko kirol arduradun izatea?

Ardura handia, Gipuzkoa osoko saskibaloiaren arduradun izatea ardura handia da. Baina ilusioz eta gogoz hartu dut kargua, eta ahalik eta gauza gehien hobetu nahi nituzke. Saskibaloiaren alde ahal bezain beste lan egingo dut.

Zer izango da, zehazki, zure egitekoa?

Batez ere, kirol arloan Gipuzkoako selekzioak antolatu, entrenatzaileak ere bai, udako kanpusak antolatu, klubekin harremanak sendotu... Finean, Gipuzkoako saskibaloiak dituen hutsuneak bilatu eta horiek betetzen saiatu. Gauza gehiago ere egin beharko ditut, baina, bereziki, kirol arloan ariko naiz.

Lanean hasi zara dagoeneko. Zer moduzkoa izan da hasiera?

Ondo. Aterrizatzen ari naiz; izan ere, beti saskibaloiaren munduan ibili izanagatik, federazio batek nola funtzionatzen duen ez dakizu barrutik ezagutu arte. Gauza ugari dago egiteko, harreman pila bat egiten da, eta oraindik barruko funtzionamendua ezagutzen ari naiz. Beraz, pixkanaka-pixkanaka hasi naiz.

Nolakoa da federazioaren egoera gaur egun?

Gipuzkoako federazioa eta saskibaloia nahikoa egoera onean daudelakoan nago: gauza berriak egiten eta gauza berriak sartzen ari da, eta horretarako lan asko egin behar dela argi dago. Oraindik asko dago hobetzeko, baina ikusi dudan gutxi horren arabera, esan dezaket egoera onean dagoela eta jende asko dagoela proiektuan inplikatuta.

Saskibaloiaren munduan urtean daramatzazu. Jokalari eta entrentzaile izana zara Irurgi SBn, eta orain beste urrats bat eman duzu. Saltoa handia izan al da?

Ikuspegia da aldatzen dena. Klub batean zaudenean, askotan ez duzu ikusten Gipuzkoako saskibaloiaren ikuspegi orokorra. Klubaren beharrak dira garrantzitsuak, zureak eta ez besteenak, eta orain ikuspegiak orokorragoa izan behar du. Izan ere, denetarik dago. Klub txiki asko lan pila bat ari dira egiten baliabide oso gutxirekin, beste klub batzuk maila oso desberdinean daude. Beraz, ikuspegi orokorra izan behar dut, beti ere Gipuzkoako saskibaloiari ahalik eta gehien laguntza izanik helburua.

Gipuzkoan saskibaloi talde ugari dago. Nola koordinatu daitezke klub horiek guztiak?

Talde batzuek urte asko daramatzate saskibaloiaren munduan lanean, eta horiek oinarria eginda dute. Klub txiki asko orain dela gutxi hasi dira lanean, eta federazioak horiei hazten lagundu behar die, hala nola entrenatzaileak prestatuta, jokalariak bultzatuta... Klub horien lana bultzatzen badugu, lehiakorragoa izango da Gipuzkoako saskibaloia. Hori ona da talde esperientziadunentzat nahiz talde sortu berrientzat. Klub bakoitzak bere interesak dituen arren, denon interesak antzekoak direla saiatu behar dugu ikusten; hau da, Gipuzkoako saskibaloia bultzatu nahi dugula eta bertako kirolariei eta entrenatzaileei ahalik eta urrunen iristeko aukera eman behar diegula. Ezin dugu ahaztu kirol bat dugula komunean.