Bideoz egin nahi dute Altsasuko gazteen aldeko manifestaziorako deia

Uztarria.eus 2018ko mar. 27a, 15:24

Apirilaren 14an Iruñean egingo den manifestaziora animatzeko deiarekin bat egin eta bideoa bidali nahi duten herritarrek azpeitialtsasukoekin@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte grabazioak. Iruñeko mobilizaziora joateko autobusak antolatu dituzte, eta dagoeneko egin daiteke izen-ematea. 

Altsasuko auziko gazteei babesa erakusteko manifestazioa deitu dute Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske herri plataformek apirilaren 14rako. Azpeitiko hainbat herritarrek atxilotuta dauden gazteen aldeko manifestaziora joateko deia egin nahi dute, eta horretarako bideo bat egitea da beren asmoa. 

Azaldu dutenez, argazki kamerarekin nahiz telefono mugikorrarekin hartutako bideo laburrak jaso nahi dituzte, "Aurrera altsasu edo antzeko mezuarekin". Egitasmoan parte hartu nahi dutenek herritarrek azpeitialtsasukoekin@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko dituzte beren bideoak. 

Apirilaren 16tik 27ra bitartean epaituko dituzte Altsasuko gazteak, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Guztira 375 urteko espetxe zigorra eskatzen diete zortzi gazteei, 2016ko urrian Altsasuko taberna batean bi guardi zibilekin izandako liskar batengatik. Terrorismo delitua egotzi zieten.

Manifestaziora joateko autobusak

Iruñean egingo duten manifestaziora joateko autobusak antolatu dituzte Azpeititik, eta joan den asteburutik zabalik dago autobuserako izen-ematea. Orkatzen, Jin Clarken eta Urola Expresen eman daiteke izena. Apirilaren 14an 17:30ean irtengo da manifestazioa Iruñeko Golem zinemetatik, eta Gaztelu plazan amaituko da.