Herritarren Arreta Zerbitzua martxan jartzeko harrera egokitzen ari da Udala

Uztarria.eus 2018ko mar. 23a, 18:15

Azken hilabeteotan Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) abian jartzeko prozesuan murgilduta dago Azpeitiko Udala. Udal teknikariak barne lanketa prozesuan murgilduta egon dira proiektu berriaren nondik norakoak zehazteko. Orain, udaletxean zenbait aldaketa egingo dituzte HAZ martxan jartzeko, eta dagoeneko hasi dira arreta zerbitzua eskaini ahal izateko harrera egokitzen. Udalak jakinarazi duenez, obra horiek "hainbat eragozpen" sor ditzakete egunerokoan, baina lanak "epe motzean" bukatzea aurreikusten dute.

Herritarren Arreta Zerbitzuak "bi helburu nagusi" izango dituela azaldu du Udalak: Batetik, herritarren eta Udalaren arteko komunikazioa eta harremana erraztea. Eta, bestetik, Udal barruko administrazio prozedurak berrikustea eta arintzea. Horrez gain, abian jarriko duten arreta zerbitzuak "herritarrei egokitutako zerbitzu hobeagoa ematea" du xede.