Euskaraldia

Euskarak 365 egun izan ditzan, abian da Euskaraldia

Uztarria.eus 2018ko mar. 21a, 14:23

Herritar ugari bildu zen atzo, asteartea, Sanagustin kulturgunean Kike Amonarrizek eman zuen Euskarak 365 egun Azpeitian hitzaldian. Hizkuntzen eta euskararen egoeraz, herriko datuez eta Euskaraldia egitasmoaz hitz egin zuen soziolinguistak. Gainera, azpeitiarrak animatu zituen, herri koskorren artean euskaldunena diren heinean, nazio mailan egingo den egitasmoan lidergoa hartzera.

Euskaraldiaren helburua da euskararen erabilera sustatzea. Horretarako, bi hizkuntzetako elkarrizketei zilegitasuna ematea eta euskaldunek beti lehen hitza euskaraz egitea sustatuko da. Herri bakoitzak bere modura egingo du lana, baina epe eta ezaugarri komun batzuk bilduko dituzte. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez, izango da ekimenaren azken txanpa, eta ordurako prestatu beharko da herria.

Gaia lantzeko batzorde irekia

Azpeitian dagoeneko ari dira gai hori lantzen Udala eta euskalgintzari zein hezkuntzari lotutako zenbait eragile. Dena den, batzorde irekia sortzea da asmoa, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera. Izan ere, batzordea zenbat eta "zabalagoa eta anitzagoa" izan, orduan eta eraginkorragoa izango da guztien lana.

Interesa dutenek mezu bat bidal dezakete euskarapatronatua@erabili.eus helbidera.