Loiola nazioartean ezagutarazteko ekintza plana aurkeztu dute hainbat erakundek

Uztarria.eus 2018ko mar. 20a, 17:17
Erakunde publiko desberdinetako ordezkariak, gaur Loiolako santutegiko liburutegian egin duten agerraldian.

San Inazioren figura eta ondarea oinarri hartuta, Loiolaren irudia munduan sustatzea eta bisitariak Loiolara erakartzea helburu, pauso bat gehiago eman dute Azpeitiko Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Loiolako Jesusen Lagundiak elkarlanean. Hala, Loiola nazioartean turismoari zuzendutako leku gisa ezagutzera emateko ekintza plana aurkeztu dute.   

San Inazioren figura eta ondarea oinarri hartuta, Loiola munduan zehar ezagutzera ematea eta bisitariak erakartzea helburu, pauso bat gehiago eman dute Azpeitiko Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Loiolako Jesusen Lagundiak elkarlanean. Hala, Loiolako santutegiko liburutegian gaur goizean egin duten agerraldian izan dira Basquetourreko zuzendari Harkaitz Millan, Foru Aldundiko Explore San Sebastian Regioneko zuzendari Maite Cruzado, Deustoko unibertsitateko erretore Jose Maria Guibert, Deustoko unibertsitateko kide Marina Abad, Jesusen Lagundiako ordezkari Ina Etxarte eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria. Guztiek, elkarlanean, Loiola nazioartean turismoari zuzendutako leku gisa ezagutarazteko ekintza plana aurkeztu dute.  

Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak zabaldu du agerraldia, eta adierazi du San Inazioren figura eta ondarea oinarri hartuta, ekintza planak "beste dimentsio" bat hartu duela Azpeititik eta eskualdetik "haratago". "Nazioartean Loiolari behar duen balioa emateko, jauzi kualitatibo garrantzitsua ematera goaz erakunde publiko guztiok elkarlanean".

Foru Aldundiko Explore San Sebastian Regioneko zuzendari Maite Cruzadok bere aldetik esan du Ignaziotar Bidea "sustatzeko" egin dutela lan beti, eta adierazi du aurkeztu berri duten proiektu honetan ere "presente" egongo direla, ekintza plana "babesten". Cruzadok gaineratu du San Inazio "santu garrantzitsua" dela munduan, eta hura ezagutarazteko erakunde guztiak "ondo lerrokatuta" daudela, "Jesusen Lagundia barne". Basquetourreko zuzendari Harkaitz Millanek, berriz, adierazi du "egun berezia" dela gaurkoa, "elkarlanean" ari diren eragile guztiek aurkezpen publikoa egiten duten lehen aldia baita. "Loiola bisitarientzat gune garrantzitsua da eta erakunde publiko desberdinek elkarlanean turismo plan sozial bat lantzea urrats garrantzitsua da".

500 urte, Loiolako Inazioren fede-aldaketatik

Jesusen Lagundiako ordezkari Ina Etxartek azaldu du elkarlan honek emango duen fruitua "oso esanguratsua" izango dela. Loiola marka munduan "aitortua eta onartua" dela gaineratu du Etxartek, eta turistentzat leku eta esperientzia "garrantzitsua" dela. Horren adibide, hainbat turismo datu eman ditu Jesusen Lagundiako ordezkariak. Besteak beste, jakinarazi du Loiolako santutegian iaz 27.400 bisitari izan zirela, eta haietatik 16.500 lagun inguru atzerritarrak zirela. "Noski, zenbateko hori santutegian erregistratzen direnen kopurua da, baina izatez askoz ere gehiago dira, beste bisitari askok ez baitute izenik ematen". Era berean, jakinarazi du Loiola-Manresa bidea egiten dutenen gehiengoa, batez ere, australiarrak eta amerikarrak direla. Eta Etxartek adierazi du Loiolak bisitari gehien maiatzetik urrira bitartean jaso zituela iaz. Bestalde, Etxartek jakinarazi du Loiolara datozen bisitarien joan-etorria "etengabe hazten" ari dela, eta zentzu horretan, Jesusen Lagundiak Loiola nazioartean ezagutarazteko "apustu sendoa" egingo duela, gainontzeko erakundeekin elkarlanean. Horrez gain, hark esan du 2021ean 500 urte beteko direla Loiolako Inaziok fede aldaketa izan zuela, eta urteurren horren harira lana egingo dutela.

Deustoko Unibertsitateko erretore Jose Maria Guibertek ere hartu du hitza gaurko agerraldian, eta adierazi du Loiolak munduan "izen eta ospe handiak" dituela. Era berean, gaineratu du Loiolaren konpainiak nazioartean "pisu garrantzitsua" duela, eta Loiolaren historia, kultura eta baloreak "sustatzen jarraitzea" dela elkarlan honen helburuetako bat.

Bukatzeko, Deustoko unibertsitateko Marina Abadek adierazi du Loiola nazioartean ezagutarazteko ekintza plana egiten hasiak direla, eta helburu hori lortzeko erakunde bakoitzak bete beharreko funtzioak ere "zehaztuta" dituztela: "Loiolan, eta batez ere ondare inaziotarraren balioan oinarrituta, Azpeitiaren garapen turistikoa bultzatuko duen eta Loiola nazioartean ezagutzera emateko duen ekintza plana egiteko, prozesu inklusibo eta parte hartzailea diseinatzea dugu xede. Horretarako, jasangarritasuna eta turismo arduratsua hizpide, plan bat definituko dugu".