Mus txapelketarekin eta mendi bizikleta irteerarekin hasi dituzte San Jose jaiak Loiolan

Uztarria.eus 2018ko mar. 17a, 15:15

Kiruri jatetxean jokatu zuten mus txapelketarekin hasi zituzten atzo Loiolan San Jose jaiak. Guztira, 33 bikotek hartu zuten parte karta jokuan, eta Danik eta Eizmendik jantzi zituzten txapelak. Bigarren sailkatu ziren Xanjuandei eta Beltxa, eta hirugarren egin zuten Gartzatxok eta Matxuk. Gaur goizean, berriz, 09:00etan Loiolatxo elkartetik aterata, mendi bizikleta irteera egin dute hamasei lagunek. Loiolatik Paotxetara joan dira, handik Samiñora, gero Oletara, eta Aizpurutxotik barrena Loiolara itzuli dira parte hartzaileak. Ondoren, hamaiketakoa egin dute Uranga jatetxean.

Bihar ere, egun osoan izango da zer gozatua Loiolan. Hona hemen igandeko egitaraua:

11:00etan: Zezen txikiak.

12:00etan: Kids&Us ingeles akademiaren antzerkia. (Eguraldi txarra bada, Kiruri jatetxean izango da)

13:00etan: asto karrerak.

17:30ean: Herri kirol erakustaldia. Aizkoran ariko dira Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a, eta harri jasotzen ariko dira Aimar Irigoien eta Jon Unanue Goenatxo III.a.

Goizez eta arratsaldez puzgarriak izango dira.