Herriko hainbat eragile eta norbanakok babesa erakutsi diote Errazkini eta Intxaurrandietari

Uztarria.eus | Gizartea
2018ko mar. 16a, 19:53

2013an Zubietako errauste planta geldiarazteagatik epaituko ditu Errazkin eta Intxaurrandieta Madrilgo Kontu Auzitegiak apirilaren 12an. Horren aurrean, elkartasuna adierazi diete gaur GHKko bi arduradun ohiei. Bertaratu diren herriko hainbat talde eragileetako kideek adierazi dute "Errazkinek eta Intxaurrandietak hauteskunde programan esandakoa bete" zutela soilik. Apirilaren 7an manifestazioa egingo dute.

Hainbat eragilek eta dozenaka lagunek adierazi diete babesa Errazkini.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Herriko hainbat talde eragilek eta norbanakok agerraldia egin dute gaur, hilak 16, Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohi azpeitiarri eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari ohiari babesa agertzeko. 

2013an Zubietako errauste planta geldiarazteagatik epaituko ditu Errazkin eta Intxaurrandieta Madrilgo Kontu Auzitegiak apirilaren 12an. GHKko arduradun ohiek erraustegiaren kontratua eteteagatik hainbat enpresari 8,2 milioi euro ordaindu zizkiotela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatu die erraustegiaren proiektua gelditzeak eragindako kalte ekonomiko osoa beren gain har dezaten: diputazioaren arabera, 40 milioi eurokoak dira gastu horiek. Gaur agerraldia egin duten eragileek salatu dute "inoiz ordaindu ezingo duten kantitatea" dela hori, "bizitza osorako baldintzatuko dituen zigor ekonomikoa", hain zuzen.

"Erraustegiaren proiektua gelditu eta alternatiba eraikitzeko asmoa zuen programa politikoarekin irabazi zituzten hauteskundeak Iñakik eta Ainhoak, eta esandakoa bete baino ez zuten egin", adierazi dute gaurko agerraldian Manuel Agirretxe herritarrak eta Azpeitiko Udalean Errazkinen taldean zinegotzi ohi izandako Leire Ibargurenek. Haien hitzetan, GHKko bi arduradun "zigortu" nahi dituzte orain, "gipuzkoarron osasuna eta ingurugiroa kaltetzera zetorren eta datorren errauskailua gelditzeagatik". 

Agerraldian adierazi dutenez, "eredu kapitalistak alternatibak izan ditzakeela erakustea" zigortu nahi du Foru Aldundiak: "Errauskailuaren atzean itzeleko interes ekonomikoak egon dira hasieratik, eta interes ekonomiko haorien atzean enpresari, politikari, banku eta komunikabide boteretsuak daude. Horien guztien interesak kolokan jartzea epaitu nahi du aldundiak".  

"Errauskailuak baditu alternatibak" herriko talde eragileetako kideen aburuz. "Gipuzkoako hainbat herritan lortu diren birziklapen tasek erakusten dute posible dela hondakinak beste modu batera kudeatzea", adierazi dute. Baina "hondakinen kudeaketa eraginkor eta zentzuzko bat lortzeko" herritarren eta erakundeen "konpromisoa areagotzea beharrezkoa" dela diote. Horregatik, manifestazioa deitu dute apirilaren 7rako. Plazatik abiatuko da mobilizazioa 18:30ean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu