Izarraitz pilotalekua berritu eta haren neurriak egokituko ditu Udalak

Uztarria.eus 2018ko mar. 13a, 12:09
Udal ordezkariak eta pilota munduko eragileetako kideak udaletxean egindako bilera batean. (Azpeitiko Udala)

Herriko frontoi beharrari aterabidea emateko egingo dituzte lanok. Pilotaren munduan lan egiten duten eragileekin adostu du lanak egitea Udalak, eta aste honetan bertan hasiko dira obrekin. Josu Labaka zinegotziak azaldu duenez, "erremintaz jokatzeko" egindako frontoia da Izarraitz. "Neurri oso bereziak ditu, eta pilotan jokatzeko ohiko araudiko neurriak baino handiagoak ditu". Hori horrela izanik, frontoia beharrezko neurrietara egokituko dute eta lurrari tratamendu berezia emango diote.

Azpeitiko Udalak Izarraitz pilotalekua berritu eta egungo araudira egokituko du, herriko frontoi beharrari aterabidea emateko. Pilotaren munduan lan egiten duten eragileekin adostu du lanak egitea Udalak, eta aste honetan bertan hasiko dira obrekin. Erakundeak jakinarazi duenez, pilotarako "gero eta afizio handiagoa" dago herrian, eta horrek eragin du Frontoi Txikia aski ez izatea dagoen eskaerarako.

Udalak azaldu duenez, Ilunpe pilota elkarteko kideek baliabide berriak behar zituztela-eta erakundera jo zuten duela hilabete batzuk; izan ere, elkarteko pilotariek han egiten dituzte entrenamendu saio guztiak. "Txiki gelditu zaie Frontoi Txikia Ilunpekoei, gero eta gehiago baitira herriko pilota harrobiko kideak", azaldu du Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuak. Hori dela eta, herrian pilotan aritzen diren eragileekin hitz egin eta alternatiba desberdinak aztertu ostean, Izarraitz Frontoia erabiltzeko berrikuntza eta egokitzapenak egitea erabaki du Udalak. Gaur egun Izarraitz pilotalekua erremontistek eta Emakumeak Pilotari egitasmoko kideek erabiltzen dute.

Josu Labaka zinegotziak azaldu duenez, "erremintaz jokatzeko" egindako frontoia da Izarraitz. "Neurri oso bereziak ditu, eta pilotan jokatzeko ohiko araudiko neurriak baino handiagoak ditu". Hori horrela izanik, frontoia beharrezko neurrietara egokituko dute eta lurrari tratamendu berezia emango diote. "Frontoiak izan duen erabileragatik lurra nahikoa egoera txarrean dago, eta zeregin nagusietako bat lurrari tratamendua ematea eta lurra egoki uztea izango da". Horrez gain, baina, kontrakantxako lurra berritu eta ezker horman zein frontisean pintaketa lanak egingo dituzte.

Izarraitz pilotalekua eraberrituta, azpiegitura publiko horren erabilera aregotu nahi du Udalak. "Herri erdi-erdian dugu eraikina. Frontoi ederra da, baina orain arte izan dituen berezitasunengatik ez du erabilera handirik izan. Obrak eginda eraikinari balioa eman nahi diogu, eta frontoiaren erabilera handitzea da helburua", azaldu du Elduaienek.