Astindu Europa jardunaldi kritikoak, abiatzear

Uztarria.eus 2018ko mar. 12a, 10:01

Jardunaldien xedea da "Europako Batasunaren atzean ezkutatzen dena argitara ateratzea" eta herritarrak gaiaren inguruan hausnartzea. Askapenak antolatu ditu jardunaldiak, Gaztetxearekin, Elkar-ekinekin, Ikasle Abertzaleakekin, Ernairekin, Basanderiekekin eta Emakumeen Mahaiarekin elkarlanean. Bihar, asteartea, hasiko da hitzaldi zikloa NATO, gerra inperialistak eta errefruxiatuak: Euskal Herrian hasten den istorio bat solasaldiarekin.

Bihar, asteartea, hasiko dira herriko hainbat eragilek elkarlanean antolatutako Astindu Europa jardunaldi kritikoak. Askapenak, Gaztetxeak, Elkar-ekinek, Ikasle Abertzaleakek, Ernaik, Basanderiekek eta Emakumeen Mahaiak elkarlanean prestatu dituzte Astindu Europa jardunaldiak, besteak beste, "Europako Batasunaren (EB) atzean ezkutatzen dena argitara ateratzeko". Antolatzaileek nahi dutena da "EBri maskara kentzea".

Jardunaldien sustatzaileek adierazi dutenez, EBk pertsonengan duen eragina "zuzen-zuzenekoa" da: "Urrun ikusten dugu Europako Batasuna, hor goikoen eremua, sekula iritsiko ez garen elite ekonomikoen zelaia. Eta, bai, zentzu batean urrun dago, baina gure gain duen eragina zuzen-zuzenekoa da, gure egunerokotasunean sartuta ditu atzaparrak". Antolatzaileen esanetan, "Europako Batasunak erabakitzen ditu gure bizimoduak modelatuko dituzten neurriak, eta Europar Batasuna aurrerapena dela saltzen digute, garapena, mugikortasuna, askatasuna eta kidetasuna". Horregatik, "EBri maskara hori kentzeko, eta falazia handi bat dela argi eta garbi gelditzeko" garaia dela uste dute Astindu Europa jardunaldien sustatzaileek. "Badugu garaia EBri ezezkoa emateko, eta egitura dominatzaile hori kolokan jartzera goazela ozen aldarrikatzeko. Europako klase dominatzailearen interesen blindaje bat da, eta, norbaiti egokitzekotan, herritarroi dagokigu koraza hori kentzea", azaldu dute.

EBren gaineko analisi kritikoa

Hitzaldi zikloa prestatu duten eragileek uste dute ez dela "samurra" Europako errealitatea. Salatu dutenez, "langabetuen gorakada, langile-esplotazioaren areagotzea, emakumeokiko jazarpenaren sistematizazioa errotzea, kontrola, errepresioa, gerra deklarazioak, arrazismoa... Ez dira ez krisiak, ez musulmanek, ez antisistemek eragindako ondorio kasualak, sistemaren ondorioak baizik". Astindu Europaren sustatzaileek uste dute "Europako goi-bileretan elkartzen direnek hartzen dituzten neurriek", ez dietela begiratzen herritarren ongizateari: "Sistema kapitalistak martxan jarrai dezan eta beren klase-interesak berma daitezen aplikatzen dituzte. Europako Batasuna sortzeko eta mantentzeko egiturak eta mekanismoak, langileok nahi bezala esplotatzera, herrialdeak sakeatzera eta gerrak eragitera daude bideratuta, eta horretaz ohartzetik abiatu behar gara". Astindu Europa jardunaldien sustatzaileen esanetan, "sakona" da egin beharreko analisia, EBri maskara hori kendu nahi badiogu eta zer-nolako Euskal Herrian eta Europan bizi nahi dugun pentsatzen hasi behar badugu, bai maila instituzional, ekonomiko eta herritarrean".

"Erabakimena herritarrongandik gero eta urrunago dagoen honetan, Europako Batasunaren egitura elitistek monopolizatutako erabakimen hori ebastea dagokigu; Euskal Herriaren autodeterminazioa eta burujabetza ez baita posible parametro horien baitan", adierazi dute antolatzaileek. Horregatik, herritarrei dei egin diete Astindu Europaren barruan antolatu dituzten hitzaldietan parte har dezaten, gaiaren inguruan eztabaidatzeko eta hausnartzen hasteko. "Europako Batasuna milioika pertsonari eta herriei norabide sozio-ekonomiko jakin bat ezartzeko gaitasuna duen instituzioa da; egin dezagun urrats bat burujabetzarantz, eta has gaitezen eztabaidatzen norantz goazen, eta norekin", diote antolatzaileek. 

Aurreneko hitzaldia, bihar

NATO, gerra inperialistak eta errefruxiatuak: Euskal Herrian hasten den istorioa solasaldia izango da Astindu Europa jardunaldiak irekiko dituena. Sanagustin kulturgunean eskainiko dute hitzaldia, 18:30ean hasita. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, gerraz, errefuxiatuez, eta "bake faltsuaz" hitz egingo dute biharko hitzaldian, eta batez ere, horien jatorriaz: "Europar Batasunaz hitz egingo dugu, haren beso armatu NATOz eta inperialismoaz arituko gara".

"Munduko hainbat txokotan bizi-bizi dauden gatazkak aipatuko ditugu, baina, batez ere Euskal Herriaz arituko gara. Inori irakaspenik ematen hasi aurretik, komeni izaten baita norberaren etxetik hastea. Beraz, animatu hitzaldira gerturatzera,guztion artean, iluna argitzen lagundu dezagun", azaldu dute. 

Astindu Europa jardunaldi kritikoen egitaraua osorik, hemen: 

Martxoak 13, asteartea:

NATO, gerra inperialistak eta errefruxiatuak: Euskal Herrian hasten den istorioa hitzaldia, 18:30ean, Sanagustin kulturgunean.

Martxoak 20, asteartea:

Europako herri erresistentziak: Italia, 18:30ean, Orkatzen

Martxoak 28, asteazkena:

Begirada bat Europar Batasunari, Errusiako iraultzatik eta feminismotik, 18:30ean, Emakumeen Txokoan.

Apirilak 3, asteartea:

Donbass. Gerra Europaren bihotzean, 18:30ean, Gaztetxean.

Apirilak 10, asteartea:

Posible al da Euskal Eskola Nazionaka Europar Batasunaren barruan?, 18:30ean, Gaztetxean.